INFO

Etxean agurtuko du Aimar Olaizolak bere ibilbide oparoa azaroaren 13an

Masterseko finalerako sailkatuta erretiroa hartzeko une polita dela erabakita, 23 urteko bide eder bati amaiera emango dio aurrelariak Goizuetan. Momentuz ez du etorkizunean Baikon jarraituko duen pentsatu.


Azaroaren 13a, 42 urte beteko dituen eguna, aukeratu du Aimar Olaizolak pilotaren aro bati, ziurrenik oparoenetako bati, amaiera emateko. Erabakia hartzea kostatu zaion arren, «inoiz ez dakizu unerik onena zein den», Masterseko finalera sailkatuta, «amaiera» emateko une egokia dela pentsatuta, azken urteetan buruan bueltaka izan duen har hori askatzeko garaia dela uste du goizuetarrak.

Eta ibilbide eder honi amaiera emateko, baldintza bakarra jarri zion enpresari, zuriz jantzitako azken partida hori Goizuetan, etxean, jokatzearena. Bestela ezin eta enpresak ez dio inolako arazorik jarri eta gertukoenen babesean emango dio amaiera 23 urte, 1307 partida, 26 final eta 14 txapel jantzi dituen aroari.

Izan ere, eskerrak emateko baliatu nahi izan du, batez ere, bai azken partida hau eta baita profesional gisa jokatuko dituen azken bi hilabeteak ere. Eskerrak, bereziki, ume zelarik bere atzetik hainbat kilometro egindako gurasoei, «azken urteetan aguantatzen nauen emazteari» –normalean ez dio halakorik esaten eta publikoki aitortu nahi izan du kirolari profesional baten aldamenean egoteak ekartzen duen sakrifizio hori–debutatzeko aukera eman zion Asperi, «bigarren familia» izan duen Asegarce/Baikori eta aldamenean izan dituen pilotari, teknikari, sendagile eta langile guztiei eta, nola ez, pilotazaleei, bereziki Goizuetakoei.

Agurreko ekitaldian Jose Ramon Garai, Baikoko zuzendaria izan du aldamenean goizuetarrak eta honek pilotariaren lau alderdi goraipatu nahi izan ditu. Esaterako, bere kirol ibilbidea, Julian Retegiren ondoren palmaresik oparoena duen pilotaria da, duintasunez, «azken unera arte erakutsi duen maila, ez zuen edozein modutan alde egin nahi», bere profesionaltasuna eta ibilbide guztian erakutsitako gizatasuna.

Fisikoki une txarragorik izan duela onartu arren, buruko nekeak, «partiden aurreko tentsioak» eraman omen du hein handi batean agurra ematera, baina lasai eta gustura omen dago hartutako erabakiarekin. Hori bai, etorkizunari begira, ez du hurrengo bi hilabeteez harago pentsatu nahi. 

Berak eta Garaik azaldu dutenez, momentuz ez dute azaroaren 13 horretatik haragoko inolako erabakirik hartu, nahiz eta pentsatzekoa den enpresan lekuren bat izango duela. Momentuz, bi hilabete hauetan dena eman eta gero atseden pixka bat hartzea baino ez dute buruan, ezeri aterik itxi gabe.

Bira txiki bat

Baina Goizuetako azken partida horrez gain, herrialde bakoitzean agur moduko bat antolatu diote. San Mateo izango da Errioxaz agur esateko unea, urriaren 2an Donostian jokatuko du, Jokin Altunaren aurka, bi aste beranduago Bilbon izango da, Urrutikoetxearen aurka, 23an Iruñean Lasoren aurka, 31an Jakaren aurka Gasteizen Lau eta Erdiko finalerdiaren baitan eta azkena Goizuetan, azaroaren 13an Goizuetan, Imaz lagun duela, Jaka-Aretxabaletaren aurka. Hori bai, ez dute baztertu beste partida batzuk jokatzeko aukera.