Euskal Herria Baik udako unibersitateak eginen ditu ostiraletik aitzin Uztaritzen
Euskal Herria Baik bere udako unibertsitateak eginen ditu irailaren 17tik 19ra Uztaritzen. Ikasturte berriari begira zein hurrengo urteetarako ardatz estrategikoei buruz eztabaidatuko dute militanteek, besteak beste feminismoari edo etxebizitzaren erronkari arreta berezia eskainiaz.
Pandemiaren egoerak ez zuen ahalbideratu iaz udako unibertsitateak ohiko moldean antolatzea. Era telematikoan egin zituzten, ordea, ikasturte berriari begira EH Baik antolatzen ohi dituen jardunaldiak.
Aurten Uztaritzen bilduko dira EH Baiko militanteak. Irailaren 17an, arratsaldean, ‘EH Bai alderdi feminista bat, zertarako’ leloa duen atelierrarekin hasiko dira jardunaldiak.
Irailak 18an, larunbatez, goizeko saioan eztabaida estrategikoari ekinen diote alderdi abertzale eta ekologistaren militanteek. Bazkariaren ostean, udako unibertsitateen erdigunean izanen den eztabaidari ateak zabalduko dizkiote.
Hala, Donibane Lohizuneko Herri Berri udal taldeko kide den Peio Etxeberri-Aintzart idazleak Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa zertan den azalduko du.
Arratsaldeko saioan, etxebizitzaren gainean alternatibak eraikitzeko bidean heldu den azaroaren 20an deituriko manifestazioari begirako agiria aurkeztua izanen da. Horrekin batera fronte zabala eratzeko proposamena izanen dute aztergai EH Baiko kideek.
Iluntzean etxebizitzaren gaineko erronkari so eginen diote, oraingo honetan Korsikatik eta Bretainiatik heldutako gonbidatuen laguntzaz.
Bigarren etxebizitzek sortzen duten arazoari erantzuna emateko «biztanle-estatusa»ren formularen gainean jardunen dute Nil Caoussin historia eta geografia irakasleak eta UDBko bozeramale eta eskualde kontseilariak, alde batetik, eta Korsikako Lurralde Kolektibitatearen exekutiboko kide ohia den Fabiana Giovanninik, bestetik.
Igande eguerdian Euskal Herria Bilduk hitza hartuko du Udako Unibertsitateei amaiera emanez.