INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Belakorekin autokarabana batean, pandemiaren errepidean dantzatzen

Belako taldearentzat 2020ko urtea ahaztezina beharko luke izan: disko berria ateratzearekin batera (‘Plastic Darma’), nazioarteko jauzia emateko unea iritsi zitzaien. Baina, horren ordez, munduan pandemia garaian bira egingo zuen lehen taldea bihurtu zen. Hori da 'Pandemic Tour Belako 2020'.

Belako taldeko Lander eta Josu, Hernan Zin zuzendariarekin eta proiektuan parte hartu dutenenik. (Gotzon ARANBURU / FOKU)

Kritikoek eta adituek 2020 ikusgarria iragarri zieten, musika sari guztiak irabazita zituzten ordura arte. New Yorkera iritsi berriak, martxoan, etxerako bidea hartu behar izan zuten, korrika eta presaka, AEBn lotuta zituzten kontzertu guztiak bertan behera utzita. Mundua gero etxean gorde egin zen, konfinaturik. Cris Lizarragak, Belakoko kantariak, 'Pandemic Tour Belako 2020’ dokumentalean dioen bezala, «New Yorkera joan ginenean, jakitun ginen arduragabe batzuk ginela». Hernan Zin argentinarrak errodatutako dokumentala ikusi ostean, ez ginateke hori esatera ausartuko, ardura asko islatzen baita pantailan.

Zinemira atalean estreinatu da larunbat gauean road movie itxura duen dokumental hau; errepidean egindako bidaia abiapuntu soilik baita. Gero, horretaz gain, gai asko daude korapilatuta: kultura sustatzeko beharra, gazteek gauzak aldatzeko duten sena eta indarra, banda bati lotzen diona zer den...

Pandemiaren une latzenean, itxialdia altxatu berria zenean eta kultura erabat geldirik zegoenean, Belakok bira bat egingo zuela iragarri zuen: hiru kontzertu egingo zituzten (Madril, Denia eta Getxon)... non, eta auto zinemetan. Autoek osasun-burbuila bezala funtzionatuko zuten. Mundu osoan pandemia garaian egingo zuen lehen taldea izan zen Mungiakoa.

Gerratik pandemiara

Abiapuntu hori hartuta, BMG musika konpainiari bira honi buruzko dokumentala egitea otu zitzaion. Koldo Serra zinemagile bizkaitarra proiektutik erori zenean, Hernan Zin argentinarraren eskuetan gelditu zen. Aukeraketa bitxia, dena den, Hernan Zin nazioarteko gatazketan espezializatuta dagoelako: Gaza, Afganistan, Somalia... Dokumental askoren egile, David Beriain nafar kazetaria zenarekin lan mordoa egin du ere.

«Martxoan ZIUn grabatzen nengoen, bakarra izan nintzen anbulantzietan grabatzeko baimena lortu zuela. Covid-i buruzko hiru dokumental egin nituen, horietako bat Oscarretarako hautagaia dena ('57 días') izenekoa, BMGtik deitu nindutenean. Esan zidaten pandemian munduko lehen bira egin zutenak lau euskal gazte ausartak egin zutela, eta ea nik egingo nuen filmea. Eta nik esan nion nire buruari: ‘Igo egingo naiz proiektu honetara, ondua baino gehiago nago pandemia guztia filmatzen aritu naizelako, eta gainera musikaria naiz, maite dut izugarri. Grammy sarietarako izendatuta geunden Beberekin egin genuen dokumentala. Musikaren mundutik deitzen didatenean, baietz esaten diet beti, baina nirea gerra da».

Hiru kontzertuak abiapuntua hartuta, Hernan Zinek pandemiari buruzko road movie orokorragoa josi du, gai asko baitaude barruan. Baina lehenengo, taldea 'bereganatu' behar zuen: «Euskaldunak dira, Mungia izeneko herri batekoak, eta asko kostatu zait haien konfiantza lortzea, taliban bat konfiantza lortzea baino gehiago. Itxiak dira, baina behin zabaldu egiten zaizkizunean, artista batzuk direla deskubritzen dutenean. Gainera oso balio sendoak dituzte, oso gertukoak dira, etxekoak, esaterako familia osoarekin bidaiatzen dira. Oso talde atipikoa da, konpromiso politikoa ere badutelako, soziala ere, mundua aldatu nahi duten adin horretan daudelako. Femeninoan hitz egiten dute, eta hori izugarri gustatzen zait, nire gaztaroa gogorarazten didalako, oso idealistak dira. Samurtasun eta irmotasun puntu bat dute, egia esan, eta nik izugarri eskertzen diet beren bizitza ireki izana, eta bidaia zail horren behatzaile neutrala izaten uztea. 2020an beraien diskorik onena atera behar zuten, eta dena bat batean pikutara joan zen. Eta berriro beraien buruan berrasmatu zuten».

Dokumentalak martxotik urte bukaera arteko ibilbidea egiten du. Konfinamenduan egindako etxeko kontzertuak, aurrera jarraitzeko guztiok egin genituen saiakerak... Aspaldiko kontuak dirudite, baina oraintxe bertan pasa dira, Lander Zalakain, Belakoko bateria: «Ematen du izan zela orain dela zazpi urte, denbora nola pasatu den hain modu arraroan azken bi urte t’erdian ikustea arraroa da. Gehien gustatzen zaidana da ikusten dela gu nola garen; hau da, Belako garela, Josu, Cris, Lander eta Lore, eta islatzen du zein unean geunden, nola geunden urduri baina era berean zoriontsu oso lehen kontzertua eman ahal izan genuelako. Ikusten da ere zenbat lan egin genuen bira hau antolatzeko eta nola egin genituen beste martxianada batzuk, gero funtzionatuko zutenak. Asmoa zen gure bira nola izan zen eta, bide batez, nola izan zen guretzat 2020. urtea, baina egia da era berean orokorragoa da, jendeak ikus dezan musika talde batek nola egin dezaken pandemiaren erdian bizirik jarraitzeko. Guri dagokigunez, oraintxe bertan eta zorionez, musikatik bizi gara, baina zein gauza arraroak egin behar diren musikaz bizitzen jarraitzeko!».

Beste bira baten atarian daudenean –urrian hasiko da, baina oraindik ere osasun-neurrien pean–, dokumentalak eskaintzen duen atzera begirada honek beta ematen du beste gai batzuk jorratzeko, gazteak kritika latzak jasan ari direlako pandemia honetan. Eta Belako gaztea da eta ez da axolagabea, bai ordea, filman ikusten den bezala, kultura bizirik mantentzea da haien apustua.

Josu Billelabeitia: «Oso estigmatizatuta daude gazteak eta ez da normala, zeren sartzen ba zara gazte baten azalean, galdetu ea nola izan da orain arte, nola hezi dugu gure gizartea orain arte? Gazteak egiten dutena helduen herentzia da. Hori horrela da. Paternalismo asko da politikoen artean. Errazena hori baita, botelloiak ikustea eta hori salatzea». Hauek, ordea, kultura bizirik jarraitzeko hautua hartu zuten, «Mim sarien galan (musika independienteko sariak) Landerrek aipatu zuen bezala,  asko hitz egiten zen kulturaren egoeraz pandemiaren garaian eta pandemiaren aurretik Estatuan jodidute gauden eta beti egon gara. Alderatzen baduzu, esaterako, Frantzian dituzten dinamikekin ez dizu ezta gogorik ere ematen honetaz bizitzeko. Gu zortea dugu beti gurasoen laguntza izan dugulako, beti babes hori izan dugu, baina inolako babesik gabe zerotik hastea ez da erraza. Autonomo moduan kotizatzen duzulako, kontzertu bategatik egun bat kotizatzen duzu, eta orduan egon behar duzu urte guztia kontzertuak ematen! Hori ez da normala». Estatu frantsesean, noski ez da horrela.

Euskararen falta

Dokumental borrokatzaile eta eraldatzailea atera zaie, taldea den bezala. Euskalduna oso, euskaltzalea... hori dela eta luzatu diogun kritika bakarra, bitxia oso egiten baita ia euskararik entzun ez izatea ia dokumental osoan.

«Guk euskaraz egiten dugu asko gure artean... eta mementu asko daude euskaraz. Material ugari zegoen, baina aukeraketa egiterakoan dagoena ez da erreala, Madrileko ekipo bat delako, argentinarra zuzendaria, eta prozesu hain luzea izan zen hau ateratzeko ba borroka hori utzi genuen. Nik orain bikoiztu egingo nuke, egia. Arantzatxo hori gelditu zaigu», esan du Landerrek.