Santurtzi izan da nagusi Bermeoko denboralean eta Liga ia ziurtatuta utzi du
Ia estropada osoan lehen txandan Zierbenak egindako denborak izan dira onenak, baina azken luzean egoera irauli du "Soterak" emozioz betetako garaipena lortzeko. Igoera play-offean Tolosaldea eta Getaria izan dira helburua oso bideratuta utzi dutenak.
Aurreko asteburuan Kontxako ur lasaietan, edo gaur Bermeoko denboralearen erdian. Berdin-berdin dio Santurtziri, bizkaitarrak konfiantzaz beteta daudelako eta garaipen gose ikaragarria erakusten ari direlako. “Soterak” emozioz betetako Bermeoko Bandera irabazi du gaur eta nahikoa du bihar estropada amaitzea bigarren urtez jarraian Eusko Label Liga irabazteko.
Ez da garaipen erraza izan Santurtzirena. Lehen txandan Zierbenak denbora bikaina markatu du (21:28.04) eta haizeak gora egiten jarraitzen zuenez erreferentziak “galipoen” aldekoak izan dira ia uneoro. Une batean hamar segundoko abantaila ere izan du Zierbenak, eta Gorka Aranberri Santurtziko patroia entzun dugu bere mutilei bandera ezinezkoa zela eta helburua txanda irabaztea zela esanez.
Baina antza denez azken luzean haizeak barealditxo bat izan du eta Santurtzi Zierbenari segundoak jaten joan da palada bakoitzean. Bost, lau, hiru, bi, bat… eta helmugan santurtziarrek Zierbenak baino bi segundo denbora hobea markatu dute: 21:25.78.
Ia-ia Kontxa irabazi zutenean baino gehiago ospatu dute moreek garaipena, gaurkoa beraientzat estropada berezia zela erakutsiz. Alde batetik, Bermeon ibilitako kide asko daudelako gaur egun Santurtzin –Iker Zabala entrenatzailea, Gorka Aranberri patroia edota hainbat arraunlari–. Eta bestetik, Ligako garaipena ziurtatuta uzteko modurik onena zelako gaur irabaztea.
Azkenean Hondarribiak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du, santurtziarrengandik zazpi segundora, eta Ligako sailkapen nagusian 8 puntuko aldea dago bien artean: 205 bizkaitarrek eta 197 gipuzkoarrek. Ohorezko txanda osatu duten Orio eta Donostiarra bosgarren eta seigarren izan dira, hurrenez hurren, lehen txandan aritu den Bermeok laugarren postua eskuratu duelako.
Gaurko kuadrilla irabazlea, Kontxako bigarren jardunaldian arraun egin zuen berdina, hauxe izan da: David Duran, David Iglesias, Oscar Andres Medina, Javier Sayans, Andoni Garcia, Jon Etxaniz (estriborrean), Yeray Cayon, Fernando Rua, Fernando Ruiz, Diego Hermo, Sorin Silviu, Ander Zabala eta Mikel Azkarate (baborrean), Gorka Aranberri patroi zutela.
Tolosaldea eta Getaria, indartsu play-offean
Eusko Label Ligako estropadaren aurretik igoera play-offetako lehen jardunaldiak jokatu dira, eta Tolosaldeak eta Getariak sekulako kolpea eman dute, batez ere Tolosaldeak emakumezkoen lehian.
Hondarribiaren, Euskotren Ligako ordezkariaren, eta Tolosaldearen, ETE Ligako txapeldunaren, artean borroka parekatua espero genuen arren, tolosarrek sekulako nagusitasunez irabazi dute nesken erlojupekoa. Patxi Francesek prestatzen duen ontzia bikain moldatu da Bermeoko baldintza zailetan eta 11:38.52ko denbora markatu du helmugan. Hondarribiak, aldiz, arazo asko izan ditu ibilbide guztian eta hirugarren izan da 17 segundora.
Bigarren postua Deusturentzat izan da, ETE Ligako beste ordezkariarentzat, baina tolosarrengandik 11 segundora sartu da eta txartel bakarra dagoenez jokoan, ia ezinezkoa dirudi bigarren jardunaldian alde horri buelta ematea. Cabo izan da laugarren sailkatua, 27 segundora.
Mutilen lehian, Getaria izan da indartsuena, KAE Ligako txapelduna. Jon Larrañagak prestatzen duen kuadrilla bikain moldatu itsaso zakarrean eta zenbait unetan hamar segundoko aldea ere izan du bigarrenarekiko, baina azken unean indartu den haize zakarrak kalte egin die gipuzkoarrei.
Azkenean, getariarrek 21:25.56ko denbora sinatu dute, Samertolameu izan da bigarren 4.06 segundora eta Kaiku hirugarren 4.42ra. Hiru ontzi horien artean aldeak oso txikiak dira eta edozer gerta liteke, jokoan diren bi txartelen borrokan. Aukerarik gabe geratu direnak Tiran eta Bueu izan dira, 18 eta 23 segundora, hurrenez hurren.
Bigarren jardunaldia bihar jokatuko da Portugaleten, 11.20an hasita.
Sailkapenak
Bermeoko Ikurrina
1. Santurtzi 21:25.78
2. Zierbena 21:28.04
3. Hondarribia 21:32.92
4. Bermeo 21:36.10
5. Orio 21:44.22
6. Donostiarra 21:49.18
7. Ondarroa 22:03.68
8. Cabo 22:16.02
Eusko Label Liga
1. Santurtzi 205 puntu
2. Hondarribia 197
3. Donostiarra 169
4. Orio 166
5. Zierbena 162
6. Bermeo 145
7. Ondarroa 107
8. Cabo 97
Igoera play-offa (g)
1. Getaria 21:25.56 (5 puntu)
2. Samertolameu 21:29.62 (4)
3. Kaiku 21:29.98 (3)
4. Tiran 21:44.14 (2)
5. Bueu 21:49.04 (1)
Igoera play-offa (e)
1. Tolosaldea 11:38.52 (4 puntu)
2. Deustu 11:49.68 (3)
3. Hondarribia 11:56.12 (2)
4. Cabo 12:06.46 (1)