INFO

Altuna eta Lasoren hirugarren buruz burukoak emango dio hasiera udako azken geltokiari

Asteartetik aurrera, Logroño eta bertako San Mateo feria izango dira esku pilotaren erdigunea Lau eta Erdikoa hasi aurretik. 

Altuna eta Lasok bi partida oso eder utzi dituzte uda honetan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Normaltasunerako bide luze honetan, Logroño eta bertako San Mateo feria izango dira esku pilotaren udako azken geltokia. Pixkanaka pilotazaleak ari dira kantxetara itzultzen eta ohiko lehiaketari ekin aurretik, Lau eta Erdikoa izango da hurrengo txapelketa, udako bigarren feria jokatuko da Errioxako hiriburuan. Asteartez, San Mateo egunez ekingo zaio aurtengoan Adarragako hitzorduari eta, gehiegi arriskatu gabe, udan arrakastarik gehien izan duen formula errepikatuz egingo dute, hau da, Jokin Altuna eta Unai Lasoren arteko buru buruko batekin.

Ezbairik gabe, azken hilabeteetan jokatutako partidarik ikusgarrienetako bi izan dira amezketarrak eta Bizkarreta-Gerendaingoak jokatutako sanferminetako lau eta erdikoa eta Atanon jokatutako kantxa osoko lehia eta antzeko zerbait egingo duten esperantzan jarri dituzte astearte honetan Logroñon. Kaiolako txapelketa horren gertu egonda, txapelketa prestatzeko test bezala ere balio ahalko die partidak txapelketan faborito bezala irtengo diren bi pilotariei. Larunbatean ere elkarren aurka ariko dira bi aurrelariak, baina kasu honetan binaka, ardoaren desafioaren baitan. Bestelako aukera posible batzuk baztertuta, enpresek bi pilotari hauen aldeko apustu garbia egin dute azken asteotan eta gipuzkoarra Mastersetik kanporatu zutenetik atseden hartuta helduko bada ere, nafarrak bost egunetan jokatuko duen hirugarren partida izango da, bere enpresan izar postua behar luketen beste pilotari batzuk, Jaka edo Urrutikoetxea kasu, apenas jokatzen ari diren bitartean –lizartzarrak, esaterako, ez du partidarik jokatu irail guztian eta Zaratamokoa azken orduan deitu dute Adarragako hirugarren partida osatzeko eta bertan jokatuko du hileko lehena–.

Binakakoan beharko

2020 Buruz Buruko txapeldunari, halere, feriaren ardatza behar lukeen binakako torneoan parte hartuko duenaren kontsolamendua geratuko zaio. Hori bai, ostiralera arte itxaron beharko du, Albisu lagun, Aimar Olaizola eta Jon Mariezkurrenaren aurka arituko da Baikoko finalerdian. Aspekoa, aldiz, ostegunean jokatuko da eta bertan Ezkurdia-Rezusta Victor-Zabaletaren aurka arituko dira.