INFO

Maider Oleaga: «Westerna leku guztietan dago Kuartangon, bai pertsonetan eta bai paisaietan»

«Istorioa hain da polita, argi neukala pelikula bat egiteko aukera zegoela» kontatu digu Maider Oleagak Bigarren Kafea saioan.  2018an hasi zen 'Kuartk Valley' dokumentala grabatzen eta Zinemira sailean estreinatuko da Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan.

Maider Oleaga Bigarren Kafean.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Zinema zuzendaria da Maider Oleaga, eta bereziki dokumental zuzendaria, baina dokumentalaren esparrua bezain zabala da bere jarduna. Bere bidean film laburrak eta dokumentalak uztartuta mundu osoko hainbat jaialditan saritu dute, izan 'La muerte de Sardanápalo' fikziozko laburrarekin, edota 'Amaren Ideiarekin'.

Bere azken lana aurkeztuko du bihar Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan; 'Kuartk Valley', herri txiki baten amets handia kontatzen duen dokumentala. 2005ean, Arabako Kuartangoko bailaran lehen euskal westerna grabatu zuten, 'Algo más que morir' deiturikoa. Ez zuten ez dirurik, ez talde teknikorik, eta hala ere Almeria Western Film Festival-ean bi sari lortu zituzten. Abentura kolektibo hori kontatu du Maider Oleagak 'Kuartk Valley' lanean. 

Dokumentala 2018an grabatzen hasi bazen ere,  2015etik ibili zen Oleaga Kuartangon, bertako herritarrak eta espazioa ondo ezagutzeko. Izan ere, «herritar guztiak bertan egon zirela da istoriaren alderdi bereziena».