INFO

Iñaki Artola pilotariak beste bi urterako berritu du kontratua Baikorekin

Alegiakoa gustura agertu da hitzarmen berriarekin eta hiru hilabete luzeren ostean kantxetara itzuli izanarekin.

Iñaki Artola kontratu berria sinatu duen unean. (BAIKOPILOTA)

Hilabete zailak pasa ostean, Buruz Buruko finala jokatu ezinda utzi zuen lesioa luze joan da, pozik egoteko motiboak ditu Iñaki Artolak; alde batetik, aurreko igandean kantxetara inolako arazorik gabe itzuli zen Gasteizen eta gaur bertan urte amaieran amaitzen zitzaion kontratua beste bi urtez berritu du Baikorekin.

«Gustura nago, alde batetik kantxetara itzultzearekin, kontratu berriarekin ere bai, beste bi urtez Baikoko pilotaria izango naiz, horixe zen nahi nuena, beraien aldetik re gustura daudela ikusi dut, denok konforme, eta egia esan pozik eta gogotsu», azaldu du alegiarrak bere enpresaren web orrian egindako adierazpenetan.

Beldurrak uxatu

Etorkizun hurbila ziurtatuta, orain kantxetatik egon den denbora luze honetan galdutako erritmoa berreskuratzean du burua, urrutiegira joan gabe, datorren asteburuan Lau eta Erdiko txapelketan hastea egokituko zaiolako. Aurretik, igande honetan bertan Logroñon binakako partida bat jokatuko du, Salaverri lagun, Elezkano eta Tolosaren aurka. Itzulerako partidan 22-14 galdu zuen, Imaz atzelari zuela Ezkurdia eta Tolosaren aurka eta bere jokoarekin os gustura amaitu ez bazuen ere, inolako minik gabe amaitzea izan zen garrantzitsuena. Orain, jokoa berreskuratu eta, batez ere, beldurrak kentzea du lehentasuna, halako lesioek beti uzten baitituzte arrastoak eta Lau eta Erdikoa bezalako txapelketa batean ezin da erdizka lehiatu.