INFO

Babesik gabe AEBtik kanporatzen ari diren familia haitiarren egoeraz ohartarazi du Unicefek

«Haurrak, nerabeak eta familiak babes egokirik gabe itzultzen dituztenean, are ahulagoak dira indarkeriaren, pobreziaren eta desplazamenduaren aurrean», salatu du Unicefek, eragile ezberdinei mugetan indarrik ez erabiltzeko eskatzearekin batera.

Haitiarr familia bat, Rio Grande gurutzatekotan. (Paul RATJE / AFP)

Unicef kezkatuta agertu da AEBetako mugatik kanporatzen ari diren familia haitiarren egoerarekin. Lehen kalkuluen arabera, Puerto Principera itzulitako Haitiko 3 migratzailetik 2 baino gehiago emakumeak, haurrak eta nerabeak dira. Horietako batzuk jaioberriak dira, eta premia «espezifikoak eta berehalakoak» dituzte.

«Haiti kolokan dago hondamendi naturalen, banden indarkeriaren eta koronabirusaren pandemiaren ondorioz», adierazi du Henrietta Forek Unicefeko zuzendari exekutiboak. «Haurrak, nerabeak eta familiak babes egokirik gabe itzultzen dituztenean, are ahulagoak dira indarkeriaren, pobreziaren eta desplazamenduaren aurrean, eta faktore horiek bultzatu zituzten lehenengo emigratzera», gaineratu du.

Mexikon eta Haitin egindako hasierako ebaluazioen arabera, 10 urtetik beherako haur asko Haititik kanpo jaio dira edo beste herrialde batean bizi izan dira.

Horrez gain, Del Rioko familia haitiarren egoera azpimarratu du Unicefek; izan ere, Haitiko migratzaileen %40 inguru haurrak eta nerabeak dira. «Pilaketa-egoeran eta egoera desegokian bizi dira, eta oinarrizko laguntza humanitarioa behar dute», nabarmendu dute.

Laguntza psikosoziala, babes zerbitzuak eta hezkuntza- hornidurak emango dizkie Unicefek itzulitako haur eta nerabeei, agintari nazionalekin eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearekin (OIM) koordinatuta. «Baina laguntza gehiago behar da familia horiek behar duten laguntza humanitarioarekin lortzeko», azpimarratu dute.

Hori dela-eta, eragile guztiei eskatzen die «mugetan indarra ez erabiltzeko, familiak batuta mantentzeko eta migratzaileen babes-beharrak behar bezala ebaluatzeko itzulerari buruzko edozein erabaki hartu aurretik».

«Haurrak eta nerabeak ez dira inoiz itzuli behar beren oinarrizko segurtasuna eta ongizatea arriskuan dauden egoeretara», gaineratu du Forek. «Haurraren interes gorena beste edozeren gainetik egon behar da».