Finalak jokatzeari gustua hartu diote Aimar Olaizolak eta Jon Mariezkurrenak (22-18)
Lau eta Erdiko Aspeko atarikoan, Aitor Elordik ez dio aukerarik eman bere lekua topatu ezinik aritu den Iker Irribarriari (12-22).
Aimar Olaizola eta Jon Mariezkurrena izango dira Victor eta Zabaletaren arerioak igandeko San Mateotako finalean, partida ikusgarri batean Erik Jaka eta Jon Ander Albisuri 22-18 irabazi ostean. Sasoia oso garrantzitsua izaten da garai honetan eta aurreko igandean Gasteizen Mastersaren finala jokatu zuten lauretatik hiruk Logroñon errepikatuko dute. Bada beste bitxikeria bat, finaleko bi pilotari, Victor eta Mariezkurrena, enpresetatik kanpo baitziren duela urtebete.
Bezperakoa bezala, bigarren partida nahikoa borrokatua izan da, nahiz eta Aimar Olaizolak eta Jon Mariezkurrenak hasiera-hasieratik hartu duten jokoaren eta markagailuaren aginte makila. Horretarako funtsezkoa izan da Berriozarreko atzelariak atzeko koadroetan erakutsi duen nagusitasuna. Bi jotzaile izan dira aurrez aurre, baina bataren eta bestearen unea desberdinak izan dira oso. Izan ere, Jon Mariezkurrena aspaldiko unerik gozoenean den bitartean, eskuetako arazoak izan dituen Jon Ander Albisuri dezente sufritzea tokatu zaio nafarraren freskotasunaren aurrean –bi tanto bikain ere sinatu ditu, errebote izugarri bat eta ondo gurutzatutako ezker gantxo dotore bat–. Sakea eurena ez zenean ere, nahikoak zituen Mariezkurrenak pare bat pilotakada piloteoaren ekimena hartzeko eta Aimar Olaizolak bikain aprobetxatu ditu lagunak irekitako zuloak. Egia da haizea alde zuela jokatu duela gaurkoan ere, baina Goizuetakoa ere une oso gozoan da, agurra iragarri izanak gaztetu izan balu bezala eta ezker gantxoak bikain funtzionatu, denera 11 tanto lortuz, horietako 8 airez.
Baina hauek guztiak hala izanda ere, Jaka eta Albisuk ez dizkiete gauzak erraz jarri eta asko borrokatu behar izan dute. Sufritzen jakin izan dute gipuzkoarrek, Mariezkurrenak azkenerako pilatutako zazpi hutsei ere etekina ateraz. Aurrean, Erik Jaka ere bere maila onenetik gertu ikusi dugu berriro ere, jokoa aurrean nahastu asmoz eta tanto ikusgarriak lortuz. Adarragako frontis motelari txispa aterata, bi aurrelarien artean 14 tanto amaitu dituzte airez, bertako pilotazaleen gozamenerako.
Boladaka joan den partidan, saiatu dira urdinak eta ezin inondik inora esan partida txarra jokatu dutenik, baina nafarrak gehiago izan dira eta merezita lortu dute finalerako txartela.
FITXA TEKNIKOA:
Olaizola II.a-Mariezkurrena II.a: 22
Jaka-Albisu: 18
Pilotakadak: 549. Iraupena: 62,37 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 5-2, 5-7, 11-7, 11-8, 13-8, 13-11, 16-11, 16-12, 17-12, 17-14, 19-14, 19-17, 21-17, 21-18 eta 22-18. Sakeak: 2 Olaizola II.ak eta 0 Jakak. Tantoak: 11 Olaizola II.ak, 3 Mariezkurrena II.ak, 7 Jakak eta 2 Albisuk. Hutsak: 2 Olaizola II.ak, 7 Mariezkurrena II.ak, 3 Jakak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Sal zitezkeen sarrera denak saldu dira Logroñoko Adarraga pilotalekuan.
Elordik ez dio aukerarik eman Irribarriari kaiolan
Oso bestelakoa suertatu da Asperen Lau eta Erdirako azken atarikoa, Aitor Elordik ez diolako inolako aukerarik eman (12-22) erabat deseroso eta bere lekua topatu ezinik aritu den Iker Irribarriari. Kantxetara itzuli zenetik itxura ona eman du aramarrak, baina gaurkoan erabat lekuz kanpo egon da, jokatzeko modu egokirik topatu ezinda eta ideiak batere garbi ez zituela.
Aitor Elordik, bere aldetik, bost urtetan egindako lan eskergaren saria jaso du, partida txukuna jokatuta. Egia da, batez ere lehen erdian, erraztasun handiak eman dizkiola arerioak, 3-11 aurreratu da 52 pilotakada baino jo behar izanik gabe. Sakea izan du mallabiarrak lehen argumentua, denera dozena erdi bat sartu dizkio, batez ere hasiera horretan eta hortik abiatuta maldan behera izan du partida.
Atarikoa amaitu eta berehala onartu du Irribarriak kaiola dela deserosoen zaion modalitatea eta «entrenatzeko eta erritmorik gabe», kolpea horren gogorra ez dela izan ere nabarmendu du. Zerbait positiboarekin geratzekotan, partidan zehar bururik galdu ez izanarekin agertu da pozik eta partidak jokatzen jarraitu beharko du, Binakakoan leku bat egiteko.
FITXA TEKNIKOA:
Irribarria: 12
Elordi: 22
Pilotakadak: 141. Iraupena: 37,33 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-9, 3-9, 3-12, 6-12, 6-19, 8-19, 8-20, 11-20, 11-21, 12-21, 12-22. Sakeak: 3 Irribarriak eta 6 (falta 1) Elordik. Tantoak: 4 Irribarriak eta 6 Elordik. Hutsak: 8 Irribarriak eta 3 Elordik. Gorabeherak: Sal zitezkeen sarrera denak saldu dira Logroñoko Adarraga pilotalekuan.