INFO

Ikasle guztien euskalduntzea bermatuko duen murgiltze eredua eskatu dute ikastolek

Egungo errealitateik abiatuta eta europar partzuergo baten bidez Euskal Herri osoan hezkuntza sistema propioa garatzea posible dela iritzi diote ikastolek. Ikasturte hasierako ekitaldian, Mungian, ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko murgiltze eredua ezartzeko eskatu du Ikastolen Elkarteak.

Pandemia garaian eginiko lana nabarmendu dute Mungiako Amilotx dantza taldeak kolorea jarri dion ekitaldian. (@EHIkastolak)

Ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko murgiltze eredua ezartzeko eskatu dute ikastolek, jakinik «hark bakarrik ez duela hori ziurtatuko, baina, hura gabe, bai ez dela lortuko». Eskaera hori Mungian egin dute, bertan ospatu baitu larunbat honetan Ikastolen Elkarteak 2021-22 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia.

Ekitaldian ongietorria egin diote Xarnegu ikastolari, Ikastolen Elkarteko 112. Ikastolari, ikasturte honetan ireki baititu lehenbiziko aldiz ateak, Lapurdiko Bardoze herrian.

«Euskaraz mintzo ez den eskualdean, euskaraz marrazten hasi gara etorkizuna», azpimarratu du Ikastolen Elkarteko lehendakari den Koldo Tellituk.

Euskara eta euskal kultura izan ditu ardatz Tellituk bere hitzaldian. Oroitarazi duenez, «ikasturte honen hasieran D ereduak berak ere ikasle guztiak euskalduntzeko arazoak dituelako erreportaje eta artikulu ugari agertu diren arren, ikastolak duela ia hiru urtetik ari direla ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak behera egin dutela ohartarazten».

Egoera iraultzeko «egungo hizkuntza ereduak albo batera utzi eta benetako murgiltze eredu bat ezarri behar dela» aldarrikatu du.

Aitortu duenez, «erronka handia da, baina orain mehatxu edo arrisku gisa ikusten duguna aukera bihurtu dezakegu».

Ikastoletan lanean ari direla esan du, egoerari hezkuntzatik eragin nahian. «Gogor ari gara lanean, baita elkarlanean ere, Huhezirekin, UEUrekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin», gaineratu du.

Izan ere, Koldo Telleituk oharrarazi du hezkuntzatik bakarrik ere ezin dutela eragin, eta euskalgintzak eta kulturgintzak ere esku hartu behar dutela gehitu du, «erakundeek esku-hartu behar duten moduan».

Hizkuntza, integraziorako tresna

Euskarak, gainera, integraziorako ere balio behar duela esan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak: «Euskarak izan behar du integraziorako bitarteko handietako bat, atzerritar jatorriko ikasleak gurekin hartzeko orduan, gurekin bat egiteko orduan, ‘haiek’ ere ‘gu’ izateko orduan».

Bestalde, euskarak ofiziala ez den «eremu luze-zabal bat» duela ere adierazi du, eta ikastolak ari direla eremu horretan ikasleak euskalduntzen, izan Ipar Euskal Herrian, izan Nafarroan, izan Trebiñun.

«Euskararen lurraldea dugu, euskara ofiziala den eremutik harago doa. Horregatik, aldarrikatzen dugu ikastolok Euskal Herri osorako hezkuntza sistema bat, egungo errealitatetik abiatuta ere gauzagarri izan daitekeena», azpimarratu du Tellituk.

Hala, ikastolak Europar Kooperatiba batean bildurik, sareturik eta elkarlanean diharduten gisa berean, aipatu du Europa mailako partzuergo bat izan daitekeela egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna, «erakunde publikoez gain, hezkuntzarekin konprometituta dauden bestelako erakundeek ere sostengatua izango dena».

Ikasturte hasierarekin batera, Eusko Jaurlaritzatik, Eusko Legebiltzarreko taldeetatik, alderdietatik eta Eusko Ikaskuntzak beren-beregi antolatutako jardunaldietan parte hartzen ari diren hezkuntza eta hezkuntzatik kanpoko eragileetatik hezkuntza hitzarmenaren inguruan sortu diren ekimen eta egin diren adierazpenei ongietorria egin diete ikastolek.

«Aspaldiko aukerarik handiena dugu agintari, ordezkari politiko eta sindikal eta hezkuntza eragileok adostasun handi bat lortzeko gure etorkizuneko hezkuntza sistema abian jartzeko», adierazi du Tellituk.

Ikastolen Elkarteak ikasture hasiera markatzeko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta Mungiako alkate Ager Izagirrek ere hitza hartu dute.

Hezkuntza, kooperatiba, euskara eta kultura munduko ordezkari multzo bat ere izan da, hautetsi eta ordezkari politiko eta sindikalekin batera ekitaldi horretan.

Aitortza pandemia garaian eginiko lanari

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldietan ohikoa da omenaldirako tarte bat eskaintzea. Aurtengo ekitaldian ikastolen komunitatea osatzen duten «guzti guztiei» egin nahi izan diete aitortza: ikasle guztiei, irakasle, hezitzaile eta laguntzaile guztiei, zuzendaritzetako kideei, idazkaritza, harrera, mantenu, garraio, garbitasun eta jangelako langile guztiei eta guraso guztiei.

«Aitortza, azkeneko bi urteotan egin duten guztiarengatik. Aitortza, sekula ezagutu gabeko egoera bati aurre egin diotelako, ongi aurre egin ere, elkar zainduz, elkar babestuz, guztia elkarrekin aurrera ateraz», laburbildu du Tellituk.