INFO

Itxura oso ona emanez galdu du Bidasoak aukerarik ematen ez duen Barçarekin (26-32)

Nahiz eta baja ugarirekin jokatu, aurpegia eman dute irundarrek Artalekun eta, gazte ugarirekin, zazpi goleko aldearekin galdu dute Liga irabazteko hautagai nagusia den talde katalana sendoaren aurka.

Nahiz eta baja ugari izan, Bidasoa-Irunek aurpegia eman du gazteekin Barçaren aurka. (ARRATE MORALES/BARÇA)

Amets egiteko partida zuten aurretik Bidasoa-Irungo 1.200 zaleek. Aurrean Barça talde sendoa zuten, eta gainera Tomas Svensson gaur egungo bigarren entrenatzailearen etorrera ikusi ahal izango zuten. 1992/1993 eta 1994/1995 denboraldietan bertako taldeko atezaina izandakoak agur polita jaso du Artalekun, baina horrek ez du bere taldea despistatu eta 26-32 irabazi du Barçak.

Gainera, aipatu behar da Bidasoak baja ugari zituela. Berriki iritsi den Leo Renaud-Davidek ezin izan du jokatu transferra ez baita oraindik iritsi, eta lesionatutako zenbait jokalri ditu: Jon Azkue, Julen Aginagalde eta Rodrigo Salinas. Hala, Nieto, Furundarena, Urruzola, Mujika eta Tao Gey gazteek aukera izan dute jokatzeko, eta nota onarekin gainera.

Bidasoa-Irunek aurpegia eman du. Pentsa, lehenengo 13 minutuetan etxeko taldea aurretik aritu da markagailuan. Hasiera erasokor batekin, Jacobo Cuetararen jokalariek 4-1eko aldea lortu dute, baina bi minututan lortu dute berdinketa bartzelonarrek.

Oso aktibo aritu den Victor Rodriguezen bi golei esker –Adrian Fernandez ere aipatzekoa da minutu hauetan–, irundarrak berriro jarri dira aurretik (6-4), eta 7-6koa ere lortu dute. Baina hor iritsi da Barçaren piztea.

Dika Men eta atean bikain aritu den Gonzalo de Vargasi esker, 0-4ko partzial bat lortu dute kanpokoek eta 11-16 aurretik joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, Cuetararen jokalariak saiatu egin dira markagailuan hurbiltzen, baina ez dute zorterik izan. Sierrak Xoan Ledo atezaina ordezkatu du, baina Barçak ez du barkatu eta zortzi goleko aldea lortu du (20-28).

Amaitzeko hamar minuturen faltan, Cuetarak Urruzola eta Mujika pistaratu ditu. Bertan ziren jada Nieto, Furundarena eta Tao Gey. Harrobiko jokalariek markagailua pixka bat txukuntzea lortu dute eta azkenean 26-32ko emaitzarekin porttiota jaso du Bidasoa-Irunek, baina aurpegia emanez.

PARTIDAKO FITXA:

26 Bidasoa-Irun: Ledo (5 geldiketa, 1 pen.), Cavero (4, 1 pen.), Ugarte (5), Zabala (2) Kauldi (4), Rodriguez (3), Fernandez –hasierako zazpikoa–, Sierra (5 geldiketa), Gey-Emparan (2), Furundarena (2), Mujika (2), Urruzola, Tesoriere, Nieto (1), Da Silva eta Garcia (1).

32 Bartzelona: Perez de Vargas (12 geldiketa), Dika Mem (5), Aleix Gómez (2), Petrus, Makuc (4), Fabregas, Ali Zein (2) –hasierako zazpikoa– Maciel (2 geldiketa), Janc (2), Soler, Fernandez (3), Parera (1) Langaro (7), Palomino, Richardson (5, 2 pen.) eta Frade (1).

Markagailua bost minuturo: 4-1, 6-5, 7-8, 8-11, 10-14, 11-16 (atsedenaldia); 15-19, 16-22, 18-24, 20-27, 23-28 eta 26-32.

Epaileak: Jesus eta Jorge Escudero. Bi minutu kaleratu dituzte etxeko Tesoriere eta Rodriguez; eta kanpoko Makuc, Frade eta Parera.

Gertakariak: 1.200 zale Artalekun.