INFO

Glasgowko Klimaren Goi Bilerara joateko martxa abian da

Ekologistak Martxan, Extinction Rebellion eta Klima Larrialdiaren aldeko Aliantzak antolatu duten ibilaldiak Portsmouthen izango du lehen etapa larunbat honetan. Hamar ibiltarik Britainia Handia zeharkatuko dute, urriaren 30ean, Klimaren Goi Bileraren bezperan, Glasgowra iristeko.

Glasgowko Klimaren Goi Bilerara joateko martxa astearte honetan atera da Bilbotik. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Klima larrialdiaren aurrean ekiteko eskatuko dute Glasgowrako (Eskozia) martxan. Hamar ibiltariak Bilboko Arriaga Plazatik abiatu dira astearte goiz honetan. Bide gogorra dute aurretik: 29 etapa, egunean 30 kilometro batez beste. Bete beharreko distantziak luzeak dira, eta udazkeneko klimari aurre egin beharko diote. Azaroaren lehenean hasiko den Klimaren Goi Bilerara (COP 26) joateko ekimen hau Zaragozan jaio da Ekologistak Martxan, Extinction Rebellion eta Klima Larrialdiaren aldeko Aliantzak elkarteen ekimenez. Ekintzaileak zortzi hilabetez aritu dira antolatzen.

Partaideak tokian tokiko alkateekin bilduko dira, baita hainbat hiritan klima defendatzen duten tokiko taldeekin ere. Oxford, Coventry, Sheffield, Leeds eta Edinburgon, besteak beste. Klimarekin engaiatuta dauden Europako herritar askoren presentzia aktiboa eraman nahi dute COP 26ra.

Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC) azken txostenaren arabera, herritarrak jakitun dira «klima aldaketa orokorra eta azkarra izaten ari dela». Txosten horretan 11.000 zientzialarik ohartarazi dute CO2 emisioak azkar murrizten ez badira aurreikusi ezin den sufrimenduari aurre egin beharko diola munduak.

Jendearen ahalmena

‘Guk ahal badugu, gobernuek ahal dute’ izango da manifestarien leloa. Izan ere, nabarmendu dutenez, azaroan Glasgown zer erabaki, halakoa izango da jendeari datozen hamarkada eta mendeetan gertatuko zaiguna.

«Ahalik eta akordio loteslerik handiena behar dugu, krisi ekologiko larri horren ondoriorik txarrenak saihesteko eta isurketa urriko ekonomia global baterako trantsizioa egiteko, ahalik eta modurik bidezkoenean. Gutxiengo oparo batek neurriz kanpo isurtzen du CO2a eta gutxien isuri dutenak hasiak dira ondorioak larrutik ordaintzen», adierazi dute.

«Gaur egungo krisiak eragiten dizkigun beldurra, amorrua eta antsietatea gorabehera, uste osoa dugu kalean mobilizatzen garen pertsonek baino ezin ditugula ezinbestekoak diren aldaketak ekarri».

Aldaketa horiek enpresa handien eta elite politikoen esku uztea ez dute ideia ona denik uste. «Bide horretatik iritsi gara, izan ere, egungo puntu kritikora. Hainbat aukera egon dira 1988tik hona, hau da, arazoa aitortu eta Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldea (IPCC) sortu zen urtetik. Baina tamalez, 2021ean ere badira arazoa ukatu edo garrantzia kendu nahi diotenak, iritzi publikoa nahasteko helburua duten interes pribatuek finantzatutako ahotsak, askotan».

Horregatik guztiagatik, betebehar etikoa deritzote «sakrifizio sinboliko txiki hori, martxa hori egiteari. Izan ere, Glasgown jokoan dagoenaren tamaina handiari buruz gizartea kontzientziatzeko lagungarri izan daiteke ibilaldia, pixka bat bada ere. Gaur egun, ez dago ezer garrantzizkoagorik klimaren aldeko borroka baino».

Kontu handiz diseinatua

Agertu dutenez, ibilbidea kontu handiz diseinatu dute, ahalik eta ikusgarriena izateko. Oxford, Sheffield, Leeds, Newcastle, Edinburgo eta beste hainbat hiri zeharkatuko dituzte, ia denbora osoan asfalto gainean ibiliz.

«Extinction Rebellioneko talde ekologista ugarirekin harremanetan jarri dira, baita Friends of the Earth eta Greenpeacekoekin ere. Proiektua azaldu eta ehunka mezu elektroniko trukatu ondoren, haien elkartasunari esker etapa gehienetan ostatu hartu ahal izango dugu. Era berean, gure presentzia tokian tokiko mobilizaziorako pizgarri izatea espero dute».

Dozenaka ekitaldi eta hitzalditara gonbidatu dituzte. Besteak beste, Leedseko alkatearekin bilduko dira, eta hainbat herrialdetako talde ugarirekin ibilaldia egingo dute Glasgowko erdigunetik.

Edinburgotik abiatu eta ondorengo bi etapetan, azkenekoetan, jende ugari elkartuko da urriaren 30ean (larunbata) Glasgowra iristeko, azaroaren 1etik 12ra egingo den COP26 goi bilera hasi baino lehen. Etxera itzuli aurretik, ekintzaileek antolatuko dituzten mobilizazio eta jardueretan parte hartuko dute.

Glasgowra iritsi aurretik, Extinction Rebellion UK-k antolatutako ‘Camino to COP26’ ibilaldiarekin bat egingo dute.