INFO

Monakoko erdilari Cesc Fabregasen ustetan, «Reala Europa Liga irabazteko faboritoa da»

Cesc Fabregas Monako taldeko jokalariaren ustetan, talde txuri-urdina «Europa Liga irabazteko faboritoa da», hala nola bere taldea den moduan. Jokalari katalanak uste du Reala « dagoeneko talde irabazlea dela». Ostegun honetan Anoetak jasoko du bi taldeen arteko norgehiagoka. 

Cesc Fabregas, Sturm taldearen aurkako garaipena ospatzen. (Valery HACHE / AFP)

Ostegun honetan 18.45etan Anoetak Europa Leagueko neurketa bat jasoko du, harmailak %60 edukierarekin beteta egongo direlarik. Realak eta Monakok txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute eta hitzordu garrantzitsu honen atarikoan, Cesc Fabregas Monaco taldeko erdilariak Efe agentziarekin hitz egin du. 

Nabarmendu du «Reala Europa Liga irabazteko faboritoa dela, hala nola gu ere bai, egon gaitezkeen mailan baldin bagaude». Nolanahi ere, faboritoa izate hori erraz antzean erabili du erdilari kataluniarrak, izan ere beste talde batzuei ere ere egotzi die izaera hori: PSV Eindhoven-i esaterako, txuri-urdin eta monakoarren multzoan dagoen beste taldea, alegia. 

Era berean, azpimarratu du Europa League txapelketa oso zaila dela, «oso luzea delako», Txapeldunen Ligak baino kanporaketa bat gehiago baitauka. 

Multzoen faseko lehen jardunaldian, Monakok 1-0 irabazi zuen Sturm talde austriarraren aurka eta Realak 2-2 berdindu zuen Eindhovenen

Fabregasek, 2019an Chelsearekin Europa League irabazi zuenak, Reala «dagoeneko talde irabazlea» dela ere uste du, egungo Kopako txapelduna eta ligan bigarren sailkatua baita.

«Oso ondo jokatzen duen talde handia da, baina badakigu baja garrantzitsuak ere badituztela», adierazi du erdilariak. 

Realeko jokalarien artean, Mikel Oyarzabal («gozo-gozo dagoen nazioarteko jokalaria, taldeko liderra») eta Mikel Merino nabarmendu ditu Arsenal, Bartzelona eta Chelseako jokalari ohiak.