INFO

Datorren astean bilduko da LABI batzordea baina Urkulluk ez du erabakirik aurreratu nahi

Iñigo Urkulluk baieztatu duenez, datorren astean bilduko da LABIren Aholku Batzordea, baina lehendakariak ez du aurreratu nahi azken aldiz bilduko den eta osasun-larrialdi egoera bertan behera utziko duen ala ez. Bilera asteartean izango da, arratsaldean.

Iñigo Urkullu, LABIren azken bilera egunean, irailaren 17an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Nafarroan koronabirusagatik ezarrita zeuden murrizketa guztiak ostiralean bertan behera geratuko direla iragarri eta biharamunean, EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea heldu den astean bilduko dela baieztatu du Iñigo Urkulluk, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban indarrean dauden neurriak aztertzeko. Bilera asteartean izango da, arratsaldeko 16.30ean.

Gasteizen egin du iragarpena Lakuako gobernuburuak, etika eta aldaketa klimatikoari buruzko kongresu batean. Nolanahi ere, ez du ezer aurreratu nahi izan LABIren bileran hartuko diren erabakien inguruan eta LABIren batzorde zientifiko-teknikoak aste honetan egingo duen bileraren zain dagoela argudiatu du. Ez du argitu nahi izan LABIren azken bilera izango den eta osasun-larrialdi egoera bertan behera utziko duen ala ez, nahiz eta ziurtzat jotzen den, pandemiaren bilakaera ona ikusita, bide horretatik joko duela. Eneko Goia Donostiako alkateak San Sebastian eguneko danborradari buruz atzo egin zituen adierazpen optimistek ere hori pentsatzera daramate.

«Ezin dut aurreratu. Batzorde zientifiko-teknikoaren gogoetaren zain nago» besterik ez du esan. Zuhurtziarako deia egin du eta oraindik txertatu ez diren pertsonei deia egin die, batik bat 20 eta 29 urte arteko gazteei.

Futbol estadioetako aforoa

Urkulluk futbol estadioetan 100%eko aforoa baimentzeko Osasun Ministerio espainolak eta autonomia erkidegoek lortutako akordioa ere izan du hizpide, eta Lakuako Gobernuko zerbitzu juridikoak erabakia aztertzen ari direla esan du. LABIk aforoa %30ean finkatu zuen arren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak %60ra igotzea erabaki zuen, lehendakariaren nahiaren aurka.