INFO

Etxebizitza hutsei buruzko neurriak hartzea erabaki du Bilboko Udalak

Bilboko Udala etxebizitza hutsen espedienteak izapidetzen hasiko da, bai eta udalerrian dauden etxebizitza eskari eta premia egiaztatuen eremuak deklaratzen ere, eta udal-egiturari horretarako behar diren bitartekoak esleituko dizkio.

Etxebizitzak Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Udal Gobernuak Bilbon hutsik dauden etxebizitzei buruzko neurriak hartuko ditu, bere funtzio soziala beteko dutela ziurtatzeko. Ekimen hau EH Bilduk eta gobernu taldeak aurkeztutako zuzenketa baten bidez onartu da, koalizio soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz. Elkarrekin Podemosek ere babestu du.

Ostegun honetako Osoko Bilkuran onartutakoaren arabera, Bilboko Udalak bere gain hartuko ditu Etxebizitza Legeak esleitzen dizkion eginkizunak, eta jenderik gabeko etxebizitzen espedienteak izapidetzen eta dagokion kanona aplikatzen hasiko da, aldez aurretik pertsona edo erakunde bakoitzari bere higiezinaren egoeraren eta dituen aukeren berri emanez.

Era berean, Bilbon dauden «etxebizitza-eskari eta -premia egiaztatuko eremuak» deklaratu ahal izateko behar den informazioa bilduko du, hori beharrezko baldintza baita ondoren nahitaezko alokairua edo desjabetzea bezalako neurriak hartu ahal izateko, berriki argitaratu den 149/2021 Dekretuan jasotzen den bezala. Horretarako, Udal Gobernuak konpromisoa hartzen du, halaber, udal-egituran zeregin horiek betetzeko baliabide guztiak esleitzeko, materialak zein giza baliabideak.

10.000 eskaera

Alba Fatuarte EH Bilduko Zinegotzia pozik agertu da akordio honekin eta orain Udalak «lan handia duela egiteko» gaineratu du, izan ere, bere esanetan, «etxebizitza hutsaren gaineko neurriak hartzea ezinbestekoa da Bilbon daukagun etxebizitza arazo larriari aurre egiteko».

Ildo horretan, gogoratu duenez, Bilbon 10.000 pertsona inguruk, horien herenak 35 urtetik beherakoak, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskatzen dute, Udal Etxebizitzek argitaratutako azken memoriak jasotzen duen bezala. Koalizio subiranistak ziurtatu duenez, Bilbon 8.000 etxebizitza huts daude.

«Argi dago Udalak erronka handi bati aurre egin behar diola, baina helburuak merezi du: milaka etxebizitzari erabilera soziala ematea eta Bilbon etxebizitzaren inguruan dugun arazo larriari aurre egitea, arazo horrek gazteenei zuzenean eragiten baitie, baita ere emakumeei eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenei», gaineratu du.

Jon Bilbao Etxebizitza zinegotziak aurreratu duenez, 2020. urtearen amaieran 2.905 etxebizitza zeuden ur kontsumorik eta erroldarik gabe, eta 4.358 daude kontsumorik gabe, baina erroldatuta. Legea betez, «Une honetan Bilbon mobilizatu daitezkeen etxebizitzak 2.122 izango lirateke», esan du, gutxienez bi urte daramatzatelako hutsik.

Etxebizitzaren prezioa gora

Tinsa tasatzailearen hiruhileko txostenaren arabera, etxebizitzen prezioa % 18,6 igo da Bilbon hirugarren hiruhilekoan, 2020ko epe berarekin alderatuta.