INFO

Saski Baskoniak Pireoko portuan hasiko du Euroliga, Giedraitisekin baina Baldwin gabe

Estatubatuarra ez da Atenasa abiatu aita izatera baitoa. Iaz Baskoniak Bakearen eta Adiskidetasunaren pabilioian 13 urteko lehortea eten zuen, baina ikusi egin behar Spaoulis erretiratu osteko Olympiacos honen aurka nola moldatzen den. «Ez diegu korrika egiten utzi behar», azpimarratu du Ivanovicek.

Wade Baldwin gabe, antolatzaile postua erren geratuko zaio Saski Baskonia Atenasen. (Endika PORTILLO / FOKU)

Ostiralean 20.00etan hasiko da 2021/22 denboraldiko Euroliga Saski Baskoniarentzat. Olympiacosen kantxa mitikoan, «Bakearen eta Adiskidetasunaren» pabilioian –«Gezur Bien pabilioia» izenaz ere ezaguna–, Pireoko portuaren ondoan.

Baskoniaren espedizioan Wade Baldwin antolatzaile estatubatuarra falta da. Min hartuta dauden Sander Raieste eta Alec Petersen moduan, ez da Atenasen izango Olympiacoseko jokalari ohia. Itxura denez, aita izatear dago eta taldearen baimena dauka. Ondorioz, Jayson Granger izango da gasteiztarren joko antolatzaile bakarra, nahiz eta Arturs Kurucsek ere lagundu dezakeen zeregin horretan.

Partida jokatu bezperan, albisterik onena Rokas Giedraitis berreskuratzea izan da Baskoniarentzat. Lituaniarrak ez zuen Badalonan jokatu Fuenlabradaren aurka orkatila bihurritu zuelako, baina antza denez laguntzeko prest izango da hegalekoa. «Atzo –asteazkenean– normal entrenatu zuen eta badirudi taldeari laguntzeko moduan izango dela», onartu du Ivanovicek Forondako aireportuan, Atenaserantz abiatu aurretxoan. Horrez gain, Alex Barrera eskolta katalana ere Atenasen izango da, asteazkenean behin behineko fitxaketa konfirmatu ostean.

Dema historiko bezain zaila

2000. urtean Euroliga «modernoa» martxan jarri zenetik, Baskoniaren eta Olympiacosen arteko dema da gehien errepikatu dena, eta Pireoko taldea da, nolabait esatearren, Baskoniarentzat petralenetakoa. Atenasko talde «gorriaren» kantxan hamahiru ustez egon dira gasteiztarrak irabazi gabe –2007ko final-laurdenetatik iazko denboraldiraino–, zaleen bultzadak asko indartzen baitu talde greziarra, baina baita ere Olympiacosek pasa den hamarkadan Vassilis Spanoulis, «Larissako aztia» izan duelako buruzagi.

Alabaina, adinak ez dio inori barkatzen eta joan den udan «Kill Billek» behin betiko erretiroa hartu du. Ondorioz, nahiz eta Sloukas, Papanikolau edo Printezis lako jokalari historikoak mantendu Georgios Bartzokasek zuzentzen duen taldeak, beste bertute batzuek ditu, eta bertuteon aurka egin beharko du borroka Baskoniak.

«Spanoulis Europako saskibaloiarentzat jokalari historikoa izan da, baina orain oso ezberdin jokatzen dute. Tyler Dorsey lako jokalari txiki eta arinak oso arriskutsuak dira; izan ere, defentsan baloi mordoa ohosten dituzte eta ahalik eta korrika gehien egiten dute saskiratze errazak lortzeko. Gure helburua Olympiacosek uneoro kantxa erdian eta ahalik eta geldoen eraso egin dezala lortzea da. Ezin diegu korrika egiten utzi», azpimarratu du Dusko Ivanovicek.

«Mustapha Fall pibot erraldoiak –2,20 metro iaz Asvel Villeurbennekin sekulako kaltea eragin zuena neurketa bietan– eraginik izan lezake, baina diferentzia beraien jokalari txiki eta bizkorrek markatzen dute», errepikatu du Bijelo Poljeko entrenatzaileak.

Horrez gain, Montenegroko prestatzaileak igandean Badalonan harrapatu zuen haserrearen oihartzunak oraindik ere hor dirau. «Igandean esan nuen bezala, galtzea zilegi da, baita gaizki jokatzea ere. Ez dudana onartuko da, berriro diot, jokalariek duten dena ez ematea jokatzen ari diren bitartean. Espero dut jokalariek ikasgai hori barneratu izana», errepikatu du.