Erronka bikoitza Eibarrentzat Ibizaren kontra
Partidarik galdu ez duen aurkari bakarraren bisita hartuko dute bihar gorri-urdinek beren maila onena berreskuratzeko asmoarekin.
Derbiaren azken minutuan hirugarren garaipena jarraian eskuratzeko aukera galdu ondoren, penalti bat huts eginez, Eibar Ipuruara itzuliko da igande honetan (14.00, Movistar+LaLiga). Gorri-urdinen helburua argia da, erritmoa berriro azkartzea, sailkapenaren goialdean egoteak exijitzen duen bezela. Asmoa errealitatea bilakatzeko, erronka bikoitzari ekin beharko dio Gaizka Garitanoren taldeak: bere maila onena berreskuratzea, Amorebietaren kontrako neurketan hainbat minututan aurkariaren menpe egon ondoren, eta Bigarren Mailan partidarik galdu ez duen talde bakarra gainditzea. Ustekabean zortzigarren jardunaldi honetara bostarren postuan heldu den Ibiza, alegia.
Ez da erraza izango, Garitanoren ustetan, oso talde sendoa baita. «Batez ere oso argi daukate zer egin –azaldu du entrenatzaile bizkaitarrak–. Oso landuta daukate baloi irteera, defenditzeko modua… Gauzak argi dauzkate, entrenatzaile berarekin dabiltza, blokea mantendu dute… Nahiz eta talde desberdinak izan, Amorebietaren antza dauka ildo horretan, denbora asko daramatelako elkarrekin lan egiten, entrenatzaile berarekin…».
Gainera, «oso jokalari onak dituzte, kalitatezkoak» baina, batez ere, «proiektua» azpimarratu du Garitanok. «Asko sinisten dut proiektuetan, ondo egiten diren gauzetan. Hauek entrenatzaile ona dute, jokalari onez osatutako blokea hartu zuena, eta jokatzeko era bat eman diona, denbora luzean erabili dutena. Proiektu on bat egin dute eta, normalean, ondo egiten diren proiektuak, zentzuarekin, funtzionatu egiten dute». Ikusi besterik ez dago «zenbat denbora daramaten galdu barik. Ez bakarrik denboraldi honetan, iaztik dator bolada. Hori da datu argiena».
Baina zaila izateaz gain, partida «gakoa da guretzat», Garitanok azpimarratu zuenez, «sailkapenaren goialdeko taldetxo horretan sartzeko». «Hor egon nahi badugu –gaineratu zuen–, Ipuruan oso indartsu egon behar gara. Egia da lehen bi partidetan nahiko ondo egon ginela baina puntu bakarra lortu genuen. Eta helburua da Ipuruako partidak ateratzea. Hau irabazten badugu, aurrerapauso oso garrantzitsua izango da, alde batetik bost partida jarraian daramatzagulako puntuak ateratzen eta, bestetik, aurreko partidaren zapore gazi-gozoa kentzeko balioko digulako».
Anaitz Arbillaren baja bakarra izango du berriro ere Garitanok eta baliteke hasierako hamaikakoa errepikatzea. Zalantza bakarrak defentsari dagozkio. Erdian, Venancio itzuli daiteke Burgos edo Etxeita aulkira bidaliz eta eskumako hegalean, Tejero eta Correa daude lehian postua eskuratzeko.