INFO

Urrutikoetxeak aise menderatu du Victor Lekeition eta final-laurdenetan izango da (22-7)

Bi urtez Lau eta Erdiko Txapelketa jokatu gabe geratu ostean, Zaratamokoa indartsu itzuli da kaiolara eta argi utzi du hautagaien artean dagoela. Sakez zazpi tanto eginda, ez du arazorik izan bere mailatik oso behera jokatu duen Victor mendean hartzeko. Ligaxkari Jakaren aurka ekingo dio.

Mikel Urrutikoetxea, Lekeitioko partidan pilota jotzeko prest (Gorka RUBIO / FOKU)

Mikel Urrutikoetxeak inolako arazorik gabe menderatu du Victor Esteban Lau eta Erdiko Txapelketaren lehen kanporaketan (22-7) eta Zaratamoko aurrelaria final-laurdenetako ligaxkan izango da. Lehen partida hilaren 12an jokatuko du Tolosan Jakaren aurka, eta gogoratu behar da multzo horretako beste aurkariak Ezkurdia eta Laso izango direla.

Urrutikoetxeak bi urte zeramatzan Lau eta Erdiko Txapelketa jokatu gabe, lesioen erruz azken bi ekitaldiak galdu baitzituen. Baina gaur Lekeition argi utzi du kaiolan jokatzeko dohain apartak dituela eta aurten ere oso kontuan hartzeko pilotaria izango dela. Victor, aldiz, oso oker aritu da hasieratik eta ez du bere mailarik eman.

Victorren lehen arazoak errestoan iritsi dira. Urrutikoetxeak sakea ongi luzatu du, pilota ongi bihurrituz, eta errioxarra ezinean ibili da errestatzerako garaian. Aurrelari bizkaitarra 8-3 aurreratu denean, tantoen erdiak sakez eginak zituen (4), eta partzial hori 10-3raino eraman du beste munduko ezer egin gabe.

Jokin Etxaniz behin eta berriro saiatu da Victorri lasaitasuna eskatzen eta Ezcaraykoa partidan sartzen, baina egiten zuen tanto on bakoitzaren ostean huts larriren bat iristen zen. Esaterako, hiruzpalau gantxo ikusgarri sinatu ditu Victorrek, baina ez du inoiz tanto segida aipagarri bat kateatzea lortu.

Urrutikoetxea, aldiz, gero eta lasaiago sentitu da kantxan eta serio jokatzea nahikoa izan du tartea handitzen joateko. Azkenean, 185 pilotakada eta 40 minutuko partidan, zazpi izan ditu sakez egindako tantoak eta azken emaitzak (22-7) argi erakusten du gaurkoan bi pilotarien artean egon den aldea.

«Oso pozik nago. Zalantzekin nentorren, azken bi urteetan ezin izan dudalako jokatu txapelketa hau eta Buruz Burukoan gauzak ez zitzaizkidalako nik nahi bezala irten. Baina entrenatzen gustora sentitu naiz eta uste dut gaur ere partida ona egin dudala, erasokor jokatuz, abiadurarekin, eta berari bere jokoa egiten utzi gabe», aztertu du garaipena Mikel Urrutikoetxeak.

Pilotakadak: 185. Partidaren iraupena: 40 minutu eta 33 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 6-2, 6-3, 10-3, 10-5, 14-5, 14-7 eta 22-7. Sakez: 7 Urrutikoetxeak. Jokoan eginak: 8 Urrutikoetxeak eta 6 Victorrek. Galdutakoak: 1 Urrutikoetxeak eta
7 Victorrek. Gertaerak: Lekeitioko Santi Brouard pilotalekua. Jon Erasun izan zen Urrutikoetxearen botileroa eta Jokin Etxaniz Victorrena. Lehen sakea, gorri.