Gladys Enea parkea diseinu jasangarriko altzarien erakusleku bihurtu da
Donostiako Moduz kolektiboko bederatzi sortzaile eta arkitektuek hartu dute parte ‘Bloom’ izena daraman ekimenean. Euren lana parkea hiri-altzariz janztea izan da. Hilabetez, bisitariek txoko desberdinetan kokatutako elementuak erabili ahal izango dituzte.
Donostiako Gladys Enea parkeko hainbat txokotan hiri-altzariak kokatu dituzte ‘Bloom’ ekimenaren baitan, material jasangarrien bidez parkean integratzeko helburua dutenak. Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, «ulertu dugu parkea, txoko eta bazter interesgarriz betea, eszenatoki ezin hobea dela diseinatzaile gazteek beren lanak erakutsi ditzaten, parkean integratuz eta ingurunearekiko interakzioa bilatuz, eta, aldi berean, ingurumena erabat errespetatuz».
Diseinuzko altzarien «erakusketa» berezi honetan, Donostiako hainbat estudiok osatzen duten Moduz kolektiboko bederatzi sortzaile eta arkitektok parte hartu dute.
Hala, parkeko leku desberdinetan kokatu dituzte diseinu-bankuak, pasabideak, zabuak, zuhaitz-espezie desberdinak identifikatzen dituzten panelak... guzti hauek naturarekin lotzeko aukera ematen diote bisitariari, eta Gladys Enean garrantziari balioa emateko modu bat da.
Erabilitako materialen artean buztina, egurra, harria, altzairua, soka eta loneta daude. Erakusketa Gladys Enea parkean egongo da ikusgai hilabetez. Tarte horretan, bisitariek altzariak erabili ahal izango dituzte.
Cristina Enea Fundazioak, parkea kudeatzen duen entitateak, jasangarritasuna sustatzen duten hainbat proiektu jartzen ditu martxan urtero. ‘Bloom’-ek horiekin egiten du bat.