INFO

Iberdrolaren bulego bat okupatu du LABek argindarraren prezioaren igoera salatzeko

LABek argindarraren prezioaren igoera salatu du Donostian egindako ekintza baten bitartez, eta deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. «Energia, bermatu beharreko eskubidea da, eta bizitzeko energia modu jasangarrian eskuratzeko aukerak bermatua beharko luke», adierazi du.


LABeko kideek Iberdrolak Donostian duen bezeroen arretarako bulegoa okupatu dute gaur asteazkenean argindarraren prezioaren igoera salatzeko. «Oligopolio elektrikoak langileon pobretze energetikoan duen erantzukizuna salatu eta datozen egunotan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi izan dugu horrela», adierazi du sindikatuak.

Ohar baten adierazi duenez, «sistema kapitalista krisian dago, eta, gainera, planetaren muga biofisikoekin topo egiten ari da. Sindemiak azkarturiko krisi honetan elite ekonomikoek aberasten jarraitu nahi dute, eta, horretarako, langileok are eta pobreago eta prekarioago behar gaituzte». «Argindarraren prezioaren igoera adibiderik agerikoena bihurtu zaigu. Iberdrola bezalako enpresen irabaziak gorantza doaz, pobrezia energetikoa hedatzen duten bitartean», gaineratu du.

Sindikatuaren esanetan,  «energia, bermatu beharreko eskubidea da, eta bizitzeko energia modu jasangarrian eskuratzeko aukerak bermatua beharko luke. Horretarako, oligopolio energetikoari boterea mugatu behar zaio eta sektore energetikoaren jabetza eta kontrol publikoan oinarrituko den sistema energetiko propioa eraiki, ezinbestekoa den trantsizio energetikorako tresna izan behar duena, gainera; beharrezkoa ez den energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarri deszentralizatuak garatuz».

«Norabide horretan, elektriketatik desentxufatu eta eta energia burujabetzan oinarritutako proiektuak indartzeko apustua egiten dugu», nabarmendu du.

Manifestazioak eta ekimenak

Gaurko ekimena FSMko (Federación Sindical Mundial) gainontzeko sindikatuekin egindako elkarlanaren emaitza da. Halaber, LAB sindikatutik kalean mobilizazio soziala indartzekoa «ezinbestekotasuna» azpimarratu du.

Horregatik, dei egin du datozen egunetarako deituta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera. Ostiralean, 22.00etatik 22:30era, Estaturik gabeko nazioetako alderdi soberanistek deitutako itzalaldia eta kazerolada izango da; eta ostegun honetan, hainbat eragile sozialek manifestazioa deitu dute Bilbon.

Halaber, ostiralean, 18.00etan, Iruñean, beste ekimen bat izango da, “Argi dugu. Vuestros beneficios, nuestra oscuridad” leloarekin.