INFO

Joseba Alvarezi eta Moussa kale saltzaileari babesa adierazi diete Donostiako epaitegian

2018an Moussa kale saltzailearen atxiloketa oztopatzea leporatuta Joseba Alvarezen aurkako epaiketa hasi aurretik, biei elkartasuna agertu diete auzitegi atarian eginiko elkarretaratze batean.

Joseba Alvarez eta Moussa, pankarta atzean, Donostiako epaitegi atarian eginiko elkarretaratzean. (FOKU)

Donostiako Egia auzoko auzitegian egin da, asteazken honetan, Joseba Alvarezen aurkako epaiketa, udaltzaingoaren jarduna oztopatzea egotzita.

Gertakariak 2018ko ekainean gertatu ziren Donostiako Parte Zaharrean. Kalez jantzitako bi udaltzain Saharaz hegoaldeko Moussa kale saltzailea atxilotzen ari ziren, eta agenteen aldetik jasotzen ari zen «tratu txarra» ikusita, jarrera hori aurpegiratu zien Alvarezek. 

Udaltzaingoak bien aurkako salaketa jarri zuen eta Fiskaltzak zein akusazio partikular gisa aurkeztu den Donostiako Udalak urtebeteko espetxe zigor bana eta inhabilitazioa eskatzen dute beraientzat, agintearen aurkako «atentatua» egitea egotzita.

Moussa eta Joseba Alvarez, lehen aldiz deklaratzera joan ondoren. (@JosebaAlvarez)

Asteazken honetarako hitzordua zeukan Alvarezek eta, aldiz, Moussa aurrerago deituko dute akusatuen aulkian esertzeko.

Hala, lehen epaiketa hau dela-eta, hainbat pertsona bildu dira auzitegiaren atarian, ‘Arrazakeriarik ez! Epaiketarik ez! Piztu Donostia’ zioen pankarta baten atzean Alvarezi zein Moussari babesa eta elkartasuna adierazteko. 

«Berdin jokatuko nuke»

Alvarezek epaiketan leporatzen diotena ukatu du. «Berriro ere antzeko egoera batean banengo, berdin jokatuko nuke, herritarrok Poliziaren gehiegikeriei modu baketsuan aurre egin behar baitiegu», adierazi dio Alvarezek epaimahaiari, epaiketa amaitzean.

«Poliziaren ekintza bortitza eta arrazista» izan zela azpimarratu du auzipetuak, eta gaineratu du «kontzientzia lasai» duela, ez zuelako egin egozten zaiona eta, beraz, absoluzio-epai batean konfiantza duela.