INFO

Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jaka, galdutako jarraikortasunaren bila

Azkenaldian nahi baino partida gutxiago jokatuta, ikusteko dago kaiolan gauza handiak egindako bi pilotari hauek eman dezaketen maila.

Kantxa osoan bai, baina kaiolan elkarren aurka jokatu gabeak dira Jaka eta Urrutikoetxea. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Pilota profesionalarena bezalako egutegi estu batean, nekez izaten dute pilotariek hurrengo helburu edo txapelketa nahi bezala prestatzeko aukera. Ez da hori Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jakaren kasua izan, udako Mastersean finalerdietatik kanpo geratu ostean, hilabete izan dute eta kaiolakoa prestatzeko, binaka, euren mailak merezi duen partida kopurutik oso urrun. Irail osoan bina partida jokatuta, erritmoa da biek ala biek faltan botako dutena, are gehiago batak zein besteak izan dituzten osasun arazoak kontutan hartzen baditugu.

Zaratamokoaren kasuan, esaterako, azken bi Lau etaErdiko txapelketei uko egin behar izan zien, eskuko arazoekin 2019an eta bularreko giharretako beste lesio batekin iaz. Honi gehitu duela urte batzuk pairatutako mononukleosia eta atzelari jokatutako txapelketak eta bere lekua topatzea kosta egin zaio Zaratamokoari.

Jakarentzat 2020a sekulako urtea izan zen, Buruz Buruko txapela jantzi eta Lau eta Erdiko finalera heldu baitzen, baina aurretik eta atzetik ere izan ditu bere komeriak. Binakakoan, Zabaletarekin finalerdietan zela birus batek ez zion bere maila ematen utzi eta aurtengo Buruz Burukoan ezin izan du bere txapela defendatu, Baikorekin jokatutako lehen partidan pairatutako bihotzeko beste gaixotasun batengatik. Udako Mastersa erritmoa hartzeko baliatu zuen eta irailean nahi beste jokatu ez badu ere, prest omen dago Lau eta Erdikoan berriz ere lehiakor izateko. «Oso gogotsu nago, aurreko Buruz buruko txapelketa hori galduta, nik uste arantzatxoa hortxe dudala. Orain beste  txapelketa bat hasten da, ligaxka oso gogor eta polit bat aurretik daukat aurretik eta ondo heltzen naiz, aitzakiarik gabe», azaldu du Lizartzarrak.

Alde horretatik, bizkaitarrak badu abantailatxo bat, larunbatean Lekeition Victor eroso antzean gainditu zuen beti horren arriskutsua den lehen partidan. Egia da errioxarrak ez zuela espero zena estutu, baina berea oso ondo egin zuen Urrutikoetxeak. Datorren asteartean, ordea, bestelako partida bat espero du. «Lehenbiziko aldia da elkarren aurka jokatzen duguna Lau eta Erdian, partida berri bat  bientzat ere, eta partida zail bat», azaldu du. 

Izan ere, errespetu handia diote elkarri bi pilotariek. «Iazko kaiolako finala jokatzetik dator eta oso ondo ematen zaio distantzi hau. Egia esan  fisikoki oso ondo ikusten dut, nik uste partida guztietan berea ematen duela eta errematatzerako orduan onenetako bat da», azaldu du Mikel Urrutikoetxeak.

Nola bestela eta lizartzarrak ere hotz politak baino ez ditu izan bere hurrengo areriorentzat. «Beti esan dut eta beti esango dut Mikel dagoen pilotaririk konpletoenetako bat dela,  aurrelari zein atzelari jokatzeko gai da,  Lau eta Erdian, Buruz Buru... gutxik egin dezakete berak egiten duena eta gainera ikusten zaio txispaz heltzen dela, konfiantzaz datorrela eta partida zaila izango dut», aipatu du Erik Jakak.

Asperen omenaldia Aimarri

Bestalde, Aspek jakitera eman duenez, Eibarko enpresak omenaldi bat egingodio igande honetan Aimar Olaizolari Goizuetakoak Astelenan jokatuko duen azken partidaren harira. Hori dela eta, igandeko jaialdiak aldaketa bat izan du eta Jokin Altunak eta Aitor Elordik jokatu beharreko Lau eta Erdiko txapelketako partida jaialdiko lehena izango da eta estelar moduan jarri dute Olaizola II.a-Albisu /Irribarria-Rezusta binakako partida.

Bestalde, Jokin Altunak kaiolakoan jokatuko duen hurrengo partida, Bengoetxea VI.a edo Peio Etxeberriaren aurka, Bergaran jokatuko da, urriaren 16an.