INFO

Itzalaldia eta kazola-jotzea argindarraren prezioaren etengabeko igoeraren aurka

Argindarraren prezioaren etengabeko igoeraren aurka Estatuko indar independentistek deitutako mobilizazio eguna Iberdrola Dorrearen aurrean egindako protesta batekin hasi da Bilbon. 22.00etatik 22.30era itzalaldia eta kazola-jotzea deitu dute.

Argindarraren prezioaren igoeraren aurkako elkarretaratzea Iberdrola Dorrean aurrean, Bilbon. (@ehbildu)

Bilboko Iberdrola Dorrearen aurrean egindako elkarretaratze batekin hasi da Estatuko indar independentistek argindarraren prezioaren etengabeko igoeraren aurka deitutako mobilizazio eguna. Dozenaka lagun bildu dira eraikin ikonikoaren aurrean txistuka eta lapikokadaka.

«Herritarren aurka egiten ari den iruzur handi bat da, gobernuek, enpresa elektrikoek eta horiek guztiek partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortua», diote mobilizazioa deitu duten alderidiek (EH Bildu, ERC, Junts, CUP, BNG, Més per Mallorca eta Més per Menorka).

Bideo honen bidez, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak elektrizitatearen «iruzurraren» gakoak azaldu ditu:

Protesta nagusia iluntzean izango da. ‘Deskonektatu elektriketatik!’ lelopean, indar independentistek itzalaldi elektrikoa eta kazola-jotzea deitu dute 22.00etatik 22.30era. Herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak deitu dira itzalaldiari indarra emateko.

«Enpresa elektrikoen oligopolioaren eta haien mehatxuen aurkako fronte komun bat behar da, bai eta Espainiako Gobernuak iruzur elektrikoari egituraz aurre egiteko duen gelditasuna salatzeko ere», nabarmendu dute.

Euskal gehiengo sindikala eta beste hainbat eragile sozial ere batu dira Herrialde Katalanetan, Galizian eta Euskal Herrian izango den mobilizaziora.