INFO

Pandorak lehertu dituen bozak Txekiar Errepublikan

Pandorako paperek bere iruzur fiskala azaleratu badute ere, Andrej Babis lehen ministro txekiar eta magnatea faboritoa da, baina zail izango du lehengo gobernua osatzea, bere kide sozialdemokratak eta komunistak zigortzen baitituzte inkestek. Ultra eta xenofoboengana joko ote du oraingoan?

Andrej Babis lehen ministro eta magnatea (LUDOVIC MARIN-AFP)

Txekiar errepublikak hauteskundeak ditu ostiral eta larunbatean, Pandorako Paperen argitaratzeak baldintzatu duen kanpainaren ostean.

Kazetari talde baten ikerketak jakitera eman duenez, Andrej Babis lehen ministroak 16 milioi euro ordainduz gaztelu bat erosi zuen 2009an Itsasertz Urdinean paradisu fiskal bateko konpainia bat erabiliz.

Hala ere, inkestek garailetzat jotzen dute «lege barruan dagoen» operazioa onartu duen Babis magnatea. Hori bai, zaila izango omen du gobernu berria osatzea, bere alderdi populistak (ANO) bozen %27a baino ez duelako lortuko (bakarrik bi puntu gutxiago).  

Pandemiaren gestioak –herrialdea mundu osoan kutxadura gehien pairatu dutenen artean dago– ez dio inolako kalterik egin, kontrolpean dituen komunikabideek isilik egon direlako.

Babis komunista izan zen orduko Txekoslovakia sobietarren menpe zegoenean (STB polizia sekretuaren kide izan zela diote askok), baina egun enpresari handi eta txekiar aberatsenen artean bostgarrena da.

Europako Batasunak ez du begi onez ikusten Babisek negozioak eta gobernua partekatzea eta Bruselako diru-laguntzak lapurtzea leporatzen dio Agrofert bere enpresaren mesedetan.

Alderdi komunistaren (KSCM, %6,5 a) eta CSSD sozialdemokraten (%4,4 a) babesa izan du bere gobernuak. Milos Zeman Txekiar Errepublikako presidenteak, bera ere komunista izandakoa eta egun Errusiaren eta Txinaren aldekoa,  Babis babesten du ere.

Oposizioa bateratua

Inkestek %21,4a ematen diote SPOLU kontserbadoreen eta kristaudemokraten koalizioari. Piratak eta Alkateen Taldea (STAN) batzen duen koalizio liberal-progresistak %17,4a eskuratuko luke, kanpaina hasieran faboritoa izan bazen ere.

Koalizio honen hautagaia Ivan Bartos informatika-ingenieroa da, bere rastafari ilearekin. Gobernuak Bartos «neomarxista» dela salatu du eta drogen eta familia auzitan politika «liberalegiak» defendatzea leporatzen dio.

Oposizioaren bi koalizioak prest azaldu dira gobernu-koalizio bat osatzeko Babisen aurka baina ez dirudi nahiko boz izango dutenik.

Japoniar xenofoboa

Horrela, bada, SPD alderdi ultra eta xenofoboak ezinbesteko papera izan dezake. %12a ematen diote inkestek Tomio Okamura japoniar jatorria duen enpresa-gizonari.

Tokion jaio eta aita japoniar-korearra du eta turismo arloan aberastu zen Japoniako turista oldea erakarriz.

Okamurak Babis babestearen trukean hainbat erreferendum egitea exijitzen du, EBetik eta NATOtik alde egitekoa tartean.

Eliteko polizia ohi batek sortu duen Prisaha alderdiak (%5,7 a) ere zeresanik izan dezake hauteskundeen biharamunean.

Kanpainan zehar Babisen ANO alderdiak errefuxiatuen aurka egin du eta gasolinako eta gasoilko kotxeak mantenduko duela iragarri du, energia nuklearrekin batera. Energia berriztagarririk ez.