Parisko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako prestakuntza gune izango da Hendaia
2024. urtean jokatuko dira Parisko Olinpiar Jokoak eta ostiral honetan jakinarazi da Hendaia prestakuntza gune izendatu dutela. Bost kirol disziplinetarako erabiliko dituzte Hendaiako hiru kirol instalazio.
Oraindik ere Tokioko Olinpiar Jokoak gogoan ditugula –izan euskaldunen lorpenengatik, tartean Maialen Chourrauten zilarrezko domina; izan, hautsi ziren errekor mundialengatik–, Paris hurrengo Jokoak prestatzeko buru-belarri dabil. 2024. urtean jokatuko dira hurrengoak, inoiz baino motzagoa izango da ziklo olinpikoa, eta jakinarazi da Hendaiak parte-hartze berezi bat izango duela Joko horietan, Antxeta Irratiak aurreratu bezala.
Parisko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako prestakuntza guneetariko bat izango da Hendaia, Antxeta Irratiak aurreratu duenez. Bost kirol disziplinetarako erabiliko dituzte azpiegitura hendaiarrak: zazpiko errugbia, tenisa, aulkidun tenisa, eskubaloia eta petanka.
Hendaia, Pariseko 2024 Olinpiar/ Paraolinpiar Jokoetako prestakuntza gune izendatua. Honako instalazioak baliatuko dituzte 5 disziplinatan:
— KoldoNausia (@nausia_koldo) October 8, 2021
•(Ondarraitz) Errugbia @StadeHendayais
•Hendayaise Tennis Club
•Irandatz eskubaloia
•Boccia Complexe Sportif@Kiroletik @antxetairratia pic.twitter.com/LxAIqX85R5
Iragarpen honek baieztatzen du Hendaiako kirol instalakuntzen kalitatea eta 2024. urtera bitartean, kirol disziplina horietako edozein nazioarteko batzordek erabili ditzakete.
Ondarraitz zelaia, Hendaiako Tenis Kluba eta Irandatz pabilioia erabiliko dituzte prestakuntza gune gisara.
Jean-Michel Arruabarrenak, Hendaiako Udaleko kirol eta gaztedia arloko zerbitzari eta Jokoen Lurra ekimeneko koordinatzaileak, egin zuen iragarpena ostegunean eta espero du instalakuntza horiek erabiltzen dituzten kirolariek egoera onuragarria aurki ditzatela. «Udalean eginiko lan handiari aitorpena da», adierazi zuen.