INFO

Besta giro ederrean aurkeztu dute Laba, euskaldunentzako Iruñeko sala berria

Seismo bat eragin dute larunbat honetan hiri buruzagian, erdigunetik Iruñerrira. Euskal Herri osoan sumatu da dardara. Gaztelu Plazako lokal berrian egin duten ekitaldian agertu dutenez, iragarpen bat, spoiler bat izan da Laba proiektua zer izanen den irudikatzeko.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Iruñea astintzeko gogoz atera dira Laba proiektukoak karrikara, eta guzien artean seismo bat eragin dute hiri buruzagian. «Askok pentsatuko zuten Gazteluko Plaza ez zela gure lekua, baina bai, bada; izanen da. Maite ditugu gure zokoak, gure guneak, gure jendea, baina espazio berriak konkistatu nahi ditugu», adierazi dute ekitaldian. Izan ere, Gaztelu Plazan dute lokal berria. Bertan lanak egiteko baimena esku artean dute eta urte amaieran inaugurazio besta eder bat egiteko aukera izatea espero dute.

«Erdigunetik ari gara; erdigunetik hiriko zoko guzietara», erran dute. «Aurrerantzean, Iruñeko egongelan beste gune bat dugu euskaldunok. Denok, zuek ere bai. Labako ateak zabalik dituzue proiektuan lan egin nahi duzuenok, bertan kafe bat hartu nahi duzuenok, euskal kulturaz gozatu nahi duzuenok... eta noski, zuek, sortzaileok, zuek ere etxean zaudete. Etorri zuen proposamenekin, zuekin elkartzeko gogoz gaude. Sartu salara», egin dute gonbidapena.

Txarangarekin kalez kale

Goizeko hamarretan hasi da besta, San Frantzisko eskolako patioan. 50 bat lagun elkartu dira txokolatea eta txurroak jatera. Han bertan bertso saio bat egin dute gero, Irati Majuelo, Sarai Robles eta Idoia Granizorekin.

Kinbonbo brass bandarekin alde zaharreko kaleetatik ibili dira ondotik, halako batean gelditu eta antzerki musikatu bat hasi den arte. Bapateko Orkestra taldeak egin du.

Txaranga giroan segitu dute kalez kale eta gero eta jende gehiago joan da biltzen, ehun bat izanen ziren momentu batzuetan.

Urbizu eta Ubedaren kontzertua balkoitik

Artxibo parean ‘voguing’ dantza egin dute Kiki House of Annunaki etxeko adiskideek.

Handik Kinbonbo brass taldearekin jarraitu dute Estafeta kalera arte. Labaren lokalak Gazteluko plazan du sarrera, baina leihoak Estafetako lehen pisu batean ditu eta bertatik irakurri du kide batek aurkezpen testua. Jarraian, kontzertua eman dute balkoitik kalera Gorka Urbizu eta Imanol Ubedak.

Gero lokala ireki dute nahi duenak ikusteko. Oraindik ez dago erabat atondua, baina irekiera sinboliko bat egin dute. Giro polita izan dute, eguraldia lagun. Alde zaharrean besta gogoa sumatzen zen covidaren egoera lasaitu den honetan.

Izanen denaren iragarpen bat

Proposamenak egin dizkieten artistei eskerrak eman dizkiete, baita ekintzaz betetako egun hau antolatzeko lanetan aritu direnei ere, Labako euskarri nagusi diren bazkideei eta egun honetaz gozatzera etorri diren guziei.

«Abisatu genuen, magma bor-borka ari da, eta hau gelditzerik ez dago. Denak bulkanologo diren garaiotan jakinen duzue seismoak iragartzen duela sumendiaren erupzioa. Horixe da gaur egin duguna, iragarpen bat, spoiler bat Laba zer izanen den irudika dezazuen».

Azaldu dutenez, hau hasi bertzerik ez da egin, txupinazo bat izan da. Dagoeneko programaturik dituzte zenbait ekitaldi, eta etorriko dira gehiago. «Iruñea ederki astindu dugu gaur guzien artean. Euskal Herri osoan sumatu da lurrikara. Adi! Erdigunetik jauzi egin eta Iruñerri osoan zabaltzera goaz. Laba gara».