Bottasek irabazi du Turkiako Sari Nagusia eta Verstappenek lidertza berreskuratu du
Mercedes taldeko finlandiarrak denboraldiko 16. lasterketan garaipena eskuratu du, Verstappen Red Bulleko gidariaren aurretik. Herbeheretarrak Mundialeko lidertza berreskuratu du.
Istanbul Parkeko zirkuituak 1 Formulako Mundiala hankaz gora jarri du berriro ere. Orain arte liderra zen Lewis Hamiltonek (Mercedes) lidertza galdu du. Ingelesa hamaikagarren postuan atera da, nahiz eta larunbateko sailkapenean azkarrena izan hamar postu galdu baitzituen kotxean egindako aldaketabatzeungatik. Ondoren bosgarren postuan amaitu du lasterketa.
Mercedes taldeari ez zaio gaizki atera jokaldi hau, bere taldekide Valtteri Bottas finladiarrak irabazi baitu lasterketa; baina beste gauza garrantzitsuago bat galdu du: 1 Formulako Mundialeko lidertza.
Sari hori Max Verstappenen (Red Bull) eskuetara itzuli da. Herbeheretarra bigarren izan da Turkiako Sari Nagusian, bere taldekide Sergio Perezen aurretik, eta 262,5 punturekin dago sailkapen nagusiaren gorenean. Hamiltonek baino sei puntu gehiago ditu Red Bullekoak.
Bottasek hamargarren garaipena erdietsi du 1 Formulan. Datorren urtean Alfa Romeon gidatuko du finlandiarrak eta emaitza nahiko onak eskuratzen ari da aurten. Igande honetan, gainera, birarik azkarrena egin du –azkena hain zuzen ere–.
Verstappenek ezin zian du bere erritmoa jarraitu. Hori bai, herbeheretarrak lagun itzela izan du bigarren postua ziurtatzeko. Izan ere, Sergio Perezek Hamilton frenatu du, ingelesak Verstappenen kotxeraino ez iristeko. Saiatu eta lortu ere. Mexikarrak podiuma osatu du eta bere eta Hamiltonen artean azkenean Charles Leclerc (Ferrari) monakoarra sailkatu da.
Datorren lasterketa, Estatu Batuetako Sari Nagusia, hilaren 14an korrituko da Circuito de las Americasen (Austin, Texas). Urteko hamazazpigarren lasterketa izango da, eta ondoren beste lau geratuko dira denboraldia amaitzeko.
Turkiako Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian kontsulta daitezke.