INFO

ACB Ligako bolada txarra eten eta gero, Euroligan ere irabazi nahi du Baskoniak

Panathinaikos izango dute aurkari Dusko Ivanovicenek astearte gauean 20.30etatik aurrera. Greziarrek bigarren jardunaldian aurreneko garaipena lortu bazuten ere, etxetik kanpora maila asko jaisten dute, Monacon erakutsi zuten jokoari so eginez gero.

Obradoiroren aurka erakutsitako abiadura Euroligan ere erakutsi behar du orain Baskoniak. (Endika PORTILLO / FOKU)

Igandean Obradoiro 91-70 menpean hartzeak egundoko lasaitua ekarri zuen Saski Baskoniaren familiara. «Azken egunetan baino askoz bizkorrago jokatu dugu», bota zuen Dusko Ivanovicek partida amaitu berritan, lau porrot segidan jasan ondoren, garaipenak ematen duen patxadarekin.

Euroligak jardunaldi bikoitza izango du aste honetan eta astearte gauean 20.0etan hasita, Saski Baskoniak Euroligan ere garaipena zer den probatzeko modua izan dezake. Aurkari Panathinaikos izango du Dusko Ivanovicen taldeak, eta joan den ostiralean Fenerbahçeren aurka denboraldiko lehenbiziko garaipena lortuagatik, ez luke bedurrik izan behar Gasteizko taldeak.

Izan ere, etxean eta etxetik kanpo Panathinaikos asko aldatzen da. Fenerbahçeren aurka garaipena lortu zuen, bai, baina estraineko jardunaldian Monacoren etxean oso kamuts aritu zen. Papapetrou hegalekoa izan ezik, beste taldekideek ez zuten behar bezalako mailarik eman. Bigarren jardunaldian, aldiz, Papapetrouk ez ezik, Daryl Macon, Okaro White eta batez ere Nemanja Nedovic, kapaz izan ziren 10 puntuak gainditzeko.

Garai bateko Panathinaikosek beldurra sartzen zuen, batez ere Zeljko Obradovic handia entrenatzaile postuan eta Diamantidis antolatzailea buru zuen talde hark, baina denbora alperrik ez da pasatzen, Greziako lehorte ekonomikoek erasan handia laga dute Atenasko talde «berdean» eta azken urteean, iparra galduta, Euroligako zortzi onenengandik aparte bizi da.

Ondorioz, Obradoiroren aurka erakutsitako kemena eta apunteria errepikatuz gero, berea behar luke partida gasteiztarrentzat.

Aipamen bereziak

ACB Ligak jardunaldi bakoitzean Jokalari Baliotsuenaren saria banatu ohi du. Igandeko partidaren ostean, Rokas Giedraitis lituaniarrari egokitu zitzaion aipamen berezi hori, 16 puntu eta 8 errebote lortu eta 26ko balorazioa erdietsi ostean.

Horrez gain, Jayson Grangerrek ere Jokalari Latinoamerikar Onenaren Saria eskuratu du asteburuko lana eta gero. Uruguayko antolatzaileak 14 puntu eta 7 asistentzia lortu zituen domekan, azken partidetako iluntasuna eta zorte txarra bazterrean lagata.

«Gure buruarengan konfidantza ezinbestekoa dugu», errepikatu zuen behin eta berriz Ivanovicek igandean. «Azken egunetan baino defentsa hobea egin dugulako, baloi dexente ohostu ditugu eta puntu errazak sartu. Horrez gain, jaurtiketa argiagoak egin ahal izan ditugu baloia azkarrago mugitu dugulako. Hauxe da jarraitu beharreko bidea», azpimarratu zuen Montenegroko entrenatzaileak.

Dimitris Priftis Panathinaikosen entrenatzailea ere beldur da Baskoniaren defentsarekin. «Baskoniaren joko fisikoari aurre egin behar diogu. Oinarrizko gauzak ongi egin ezik, Baskoniak baloiak lapurtu eta puntu errazak sartuko dizkigu. Horrez gain, adi ibili beharko gara beren jaurtitzaileekin», adierazi du entrenatzaile greziarrak.

Kanpoko jaurtiketa, esan bezala, faktore garrantzitsua izango da. Saski Baskoniak Obradoiroren aurka 26 hiruko bota eta 14 sartu zituen. Aldiz, Euroligako aurreneko bi jardunaldiak aintzat hartuta, 50 hiruko ahaleginetik 8 baino ez ditu asmatu; hau da, %16. Panathinaikos bera ere ez dabil oso fin: %20,8, 48 ahaleginen ostean 10 saskiratu eta gero.