Euskal Herria migranteen hilerria izan ez dadin neurriak hartzeko larrialdi deia
Trenak harrapaturik astearte goizean Ziburun hil ziren hiru aljeriarrak gogoan, migranteentzako bide seguruak irekitzeko erakundeen aldetik engaiamendu zehatzak espero dituzte etorkinekin elkartasunez jarduten duten elkarteek deituriko mobilizazioarekin bat egin duten herritarrek.
Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aurrean eginiko ekitaldia bereziki hunkigarria izan da. Migranteekin lan egiten duten taldeek hainbat pankarta zabaldu dituzte. Alde batetik elkartasunaren aldeko mezua zabaltzeko eta, bestetik, aski dela errateko.
La Cimade, Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea... Xan Goenagak eta Amaia Fontangek migranteen alde lan egiten duten talde ezberdinen izenean hartu dute hitza mezu kolektibo argia zabaltzeko: «Euskal Herria ez da hilerria bilakatu behar harrera herria baizik».
Hitzartzean oroitarazi dutenez, beraien herrialdean bizimody duinik ez dutelako sartzen dira haiendako ezazagun diren bideetan migranteak. Miseria, jazarpena, aldaketa klimatikoari loturiko krisiak... Nork bere arrazoiak ditu. «Itsasoan, basamortuan lagun hilak utzi ondoren heltzen dira guregana», azaldu dute.
Urtero urtero 7.000 migrante inguru heltzen dira Ipar Euskal Herrira. Baionan 2018an bere ateak zabaldu zituen Pausa zentroan hilabetero 600 bat migrante hartzen dituzte.
Euskal Elkargoak diruztatzen duen zentro horretara heltzeko «hamaika traba» behar dituzte gainditu, ordea, migranteek.
«Guk ongi etorri errefuxiatuak errepikatzen dugu etengabe baina poliziek, frantses administrazioak, estatuek beste jarrera bat erakusten dute migranteei begira», salatu dute elkartasun taldeetako kideek.
Bidasoaren gaineko zubietan migranteak gelditzen dituzte, eta hala eta guztiz ere muga zeharkatzea lortzen dutenek kontro anitz behar dituzte saihestu, berdin errepidetan zeren tren edo autobusetan, Baionara heldu aitzin.
«Neurri horiek guziek ez dute migrazioa tipitzen baizik eta arriskuagoa baita kariagoa ere bilakatzen», oharrarazi dute gaurko elkarretaratzean.
Azkeneko hilabetetan hiru migrante hil dira Bidasoaren ertzeetan, eta beste hiru zendu ziren, astearte goizean, trenak harrapaturik Ziburu eta Donibane Lohizune artean. Laugarren lagun bat larriki zauritu ondoren Baionako erietxean dago.
«Jasasezina da, botere publikoek neurriak hartu behar dituzte Hendaia eta Baiona arteko bidea segurtatzeko», galdegin dute.
Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aurrean antolaturiko elkarretaratzera bertaratu diren herritarren artean, Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune edo Ziburutik heldutako hainbat hautetsi izan dira, eta baita sindikatu edo gizarte erakundetako kide ezagunak ere.
Duelo y solidaridad tras la muerte de tres migrantes en las cercanías de esta estación de Donibane Lohizune. 600 migrantes transitan cada mes por el centro Pausa de Baiona, tras franquear múltiples obstáculos. "Jasan ezina da. EH ez da hilerria, harrera herria baizik". pic.twitter.com/VsuPoeD3Zg
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) October 13, 2021
Hor ziren, hala nola, Ziburuko alkate den Eneko Aldana edo Annie Poveda departamendu kontseilaria. Bigarrenak iragarri du Paueko erakundearen aitzinean galdera aurkeztuko dutela EH Baiko hautetsiek migrazioaren krisiaren aurrean erakundearen eskuhartzea galdetzeko.
Ekimenean parte hartu dute hainbat herritarrek paperik gabekoen aldeko afixak erakutsi dituzte. Ekimenari amaiera emateko tren geltokiaren aurrean lore eskaintza egin dute.
Lore eskaintza batekin amaitu da Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aitzinean antolaturiko ekimena. Atzo hil ziren hiru migrante gogoan. Laugarren bat erietxean dago. pic.twitter.com/UBfoq6hfKs
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) October 13, 2021