INFO

Oscar Da Silva, Alba Berlinen azken harribitxia eta Saski Baskoniaren hurrengo aurkaria

Aski ezaguna dute Mercedes Benz Arena pabilioia. Bertan jokatu zen 2016ko Final Fourra eta bertan jokatuko da aurten ere. Bestalde, Fontecchio, Nnoko, Granger eta Giedraitisentzat etxea izandakoa da. Aito Garcia Renesesen oinordekotza hartuta, Israel Gonzalez espainiarrak zuzentzen du orain.

Defentsan ez ezik, erasoan ere burua ateratzen ari da Tadas Sedekerskis. (Endika PORTILLO / FOKU)

Euroligak zenbait astetan jardunaldi bikoitza izan ohi du eta hargatik, asteartean Panathinaikosen aurkako garaipena ospatu ondoren, Berlinen da Saski Baskonia ostegun gauean, 20.00etan hasita, Albaren aurka jokatzeko.

Berlin Europako hiribiru garrantzitsuenetakoa izanagatik, Alba Euroligako talderik xumeenetakoa da aurrekontuari dagokionez. Pasa den denboraldian Municheko Bayern ahalguztidunari Budesligako finala irabazi eta Euroligak bi urterako gonbitea luzatu arren, iazko blokea mila puska eginda jarri da 2021-22 denboraldiari begira. Aito Garcia Reneses entrenatzaile mitikoak «behin behineko erretiroa» hartu du –egundoko omenaldia egin zion Albak Madrilgo entrenatzaileari– eta Gasteizen ezagun izango diren zenbait izen –hala nola Fontecchio, Granger eta Nnoko– Berlindik Euskal Herrira etorri dira, Rokas Giedraitis ahaztu gabe, honek urtebete aurretik bota baitzuen pausua Araba aldera. 

Aitoren itzala luze iritzita, jende gaztearekin lan egitea beste erremediorik ez dauka Albak, tartean Luke Sikma bezalako beteranoak ere badauden arren. Hasteko eta bat, Israel Gonzalez entrenatzaile espainiarrak hartu du Garcia Renesesen lekukoa. Torrelavegakoak Luke Sima, Maodo Lo eta Bilbao Basketeko jokalari ohi Ben Lammers lituzke izarretako batzuk bere taldean, baina lesioak direla medio –Marcus Eriksson jaurtitzailea eta Ben Lammers pibota min hartuta daude, eta Christ Koumadje, berriz, covid-19aren erruz bakarturik dago–, Oscar Da Silva pibot alemaniarra –aita brasildarra eta ama alemaniarra du pasa den irailaren 21ean 23 urte bete dituen 2,06ko hegal-pibot honek– argitu da alemaniarren azken harribitxi moduan.

Alemaniako 18 eta 19 urtez azpiko selekzioetan aritua, Estatu Batuetan amaitu ditu ikasketak, Palo Altoko Stanford unibertsitate entzutetsuan, alajaina, NCAAn jokatzen aritu den bitartean. Asteartean Alba Berlinek Euroliga honetako aurreneko garaipena erdietsi zuen, Baskoniaren moduan, Fenerbahçeri 84-70 irabazi ostean. Da Silva Jan Vesely handiaren gainetik pasa zen, 22 puntu eta 5 erreboterekin. Maodo Lok 21 puntu lortu zituen eta Luke sikmak, berriz, 13 puntu, 9 errebote eta 5 asistentzia.

Aurreneko 20 minutuetan motel antzean ibili ostean, hirugarren laurdenean nagusitu ziren Israel Gonzalezen gizonak, 30-18ko partziala erdietsi zuten, eta 27-17koa izan zen azken laurdeneko partziala.

Alemaniarren Euroliga oso hotz hasi zuten ere. Bartzelonaren aurka sekulako jipoia eraman zuten: 96-64; Asvel Villeurbannen aurka, berriz, 67-71 galdu zuten. Talde frantsesak 21 baloi galdu zituen baina Albak 33 hirukotik 6 baino ez zituen asmatu eta hor joan zitzaizkien aukerak. Badirudi, bada, pixkanaka fintzen ari dela alemaniarren jokoa.

Adin berekoa; kasta berekoa

1998an jaio zen ere Tadas Sedekerskis. Jakina da Gasteizera 2013an iritsi zenean bere adineko Europako jokalari onenetariko bat zela, baina egia da baita ere azken urteetan erasoan konfidantza eta gaitasuna galtzen joan dela indar fisikoa eta defentsako jarrera hobetzen joan den heinean.

Asteartean, berriz, bikain aritu zen hegal-pibot lituaniarra. Orotara 15 puntu sartu zituen, sei jarutiketa egin eta seiak saskiratuz, erdia hirukoak. Lastima izan zen azken minutuetan kantxaratu ez izana, baina urratu bat jasan zuela-eta, aldatu egin behar izan zuen Sedekerskis Ivanovicek eta gero Baldwin, Granger, Giedraitis, Fontecchio eta Nnokok osaturiko bostekoaren alde egin zuen apustu Montenegrokoak.

Pozik zen Sedekerskis partida amaitu ostean. «Badakit jende askok nigandik asko espero duela, baina presarik gabe, egunero ari naiz lanean ahalik eta ekarpen handiena egiteko taldeari. Iaz erakutsi nuen defentsan lan ona egin dezakedala eta aurten erasoan ere saiatu nahi dut, erakutsi nahi baitut banaizela kapaz erasoan ere zerbait egiteko», adierazi zuen.

Martitzenean konfidantzaz gainezka aritu zen Sedekerskis eta bere puntuek eta jarrera ausartak piztu egin zituen Buesa Arenako harmailak. «Inoiz konfidantza apur bat falta izaten zait eta ausartako izatea ere bai. Nik uste nahikoa heldu banaizela hemendik aurrera ere erasoan ekarpenik egiteko», gaineratu zuen.

Aurkari petrala gasteiztarrentzat

Bestalde, talde ezerosoa zaio Saski Baskoniari Alba Berlin. Behin bakarrik irabazi du alemaniarren aurka etxetik kanpo: 2008/09 sasoian –Dusko Ivanovic zen orduan ere gasteiztarren buru–, 68-73. Pasa den urtarrilean, berriz, 17 egunen buruan birritan elkar ikusi zuten talde hauek biek, eta bietan Berlingoak nagusitu ziren: 95-91 Mercedes Benz Arenan eta 77-84 Zurbaon.

Neurketa bietan ala bietan Maodo Lo eta Simone Fontecchio bikain aritu ziren. Maodo Lok betidanik bikain jokatu du gasteiztarren aurka, hala Bambergen nola Munitxen jokatzen zuen sasoietan. Fontecchio, berriz, ordurako begiz jota zuen Baskoniak eta bai fin erantzun ere jokalari italiarrak bere hurrengo taldea izango zenaren aurka!

Panathinaikosen aurkako garaipena «Final Fourrerako bidean aurreneko harria» izan baldin bazen –hala esan zuen behintzat Dusko Ivanovicek partida osteko prentsaurrekoan–, Alba Berlinen aurka ezin du kale egin. Izan ere, maiatzean Mercedes Benz Arenara itzultzea nahi dugu denok.