Joseba Ezkurdiak bere legea ezarri du Urrutikoetxearen aurrean (15-22)
Aurrelari nafarrak bere kolpe bortitza eta sake bizia baliatu ditu Zaratamoko aurrelaria tarteka airean erabiltzeko. Partidarne azken aldera Urrutikoetxeak markagailua estutu du, baina Labriteko zaleen berotasuna lagun, Ezkurdiak arazo larregirik gabe bermatu du garaipena.
Hasieran hotz, amaieran bero, Ezkurdiak nagusitasunez irabazi dio Mikel Urrutikoetxeari. Batez ere hasieran eta sakearekin, sekulako mina eman dio nafarrak Zaratamoko pilotariari. Azkenerako piztu da Urrutikoetxea bera ere, baina beranduegi izan da eta amore eman behar izan du aurrelari nafarraren aurrean.
Aurreneko tantoa Urrutikoetxeak egin badu ere, akordatzerako 3-7 eta 5-10 aurreratu da Ezkurdia. Bere pilotakaden indarrak oso hotz eta lehiarako behar bezala kokatu ezinda harrapatu du Urrutikoetxea. Piloteoan nagusi izan da nafarra eta hori gutxi balitz, sakeari ematen dion abiaduraz airean erabili du Zaratamokoa, errestoa frontisera eramanda ere bere aurkariaren menpe geratu baita hamarretik zortzitan.
Uneren batean aurrelari nafarrak ia izerdirik bota gabe irabaziko zuela ere iruditu dute La brit bete duten pilotazaleek, 5-12 aurreratu bauta Joseba Ezkurdia. Urrutikoetxeak oso txarto pasa du memento horietan, uneoro Ezkrdiaren menpe aritu baita, ezinean eta nafarraren tanto ilara eten ezinik.
Baina hormaren kontra belaunarekin kolpea hrtu du bizkaitarrak eta, ezustean, nolabait piztu ere egin da. Piztu, edota Ezkurdia bera hoztu, nolabait esatearren. Etsian, Zaratamokoa askoz hobeto hasi da jokatzen, eta tanto ilara pare bat kateatzea ere erdietsi du.
Egiari zor, Ezkurdiak bere aldea ederki kudeatu du, zalantzarik gabe, baina azken tantoetan nahi baino hurbilago sentitu du Urrutikoetxea. Labriteko zaleen animo ohiuen artean bermatu du garaipena azkenean. Zabalean asko behartu du bizkaitarra eta, frontoi osoa berarentzat duela, atzean amaitu du nafarrak. Ginal-laurdenetako bigarren puntua eskuratu du eta finalerdietan haka bat eta erdi dauka dagoeneko.
PARTIDAKO FITXA
Partidaren iraupena: 51 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 2-3, 3-5, 3-7, 5-10, 5-12, 7-15, 11-17, 13-18, 14-19, 14-21, 15-21, 15-22. Sakez: Urrutikoetxeak hiru (eta falta bat) Ezkurdiak sei. Jokoan eginak: Sei Urrutikoetxeak, hamar Ezkurdiak. Jokoan galdutakoak: Urrutikoetxeak sei, Ezkurdiak sei.