INFO

Etxebizitza eskubidea defendatzeko hitzordua jarri dute Baionan 30 eragilek baino gehiagok

Sinbolismoz beteriko Baionako auzo batean egin dute azaroaren 20an ‘Vivre se loger au pays, espekulazioari ez’ lemapean eginen den manifestazioaren aurkezpen agerraldia. Sei sindikatu, 19 eragile sozial eta 8 alderdi politikotako ordezkari batu dira asteazken honetan Les Castors auzoan.

Deitzaileek manifestaziora hurbilduko diren herritar guziei dei egin diete gako multzo bat eraman dezaten. (Bob EDME)

Heldu den azaroaren 20an etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra Lapurdiko hiriburuan eginen den manifestazioaren antolatzaileek agerraldia egin dute asteazken honetan, urriak 20, Baionako Les Castors auzo sinbolikoan.

Kazeta.eus atariak jaso duen albisteak oroitarazi duenez, Bigarren Mundu Gerraren ondotik zenbait pertsonak «erabakitasunez eta elkartasunez» etxebizitzak eta baratzeak kolektiboki kudeatu zituzten Baionako auzo horretan.

Dinamika horretan aritu ziren militanteetako baten semea den Jacques Lannesek hartu du hitza lehenik eta erran duenez, «konbentzimenduak eta sormenak» ahalbidetu zuen proiektu bat eramatea.

«70 urte geroago, konbentzimendu eta borondate berdinak hemen presente garen pertsonak eramaten gaitu elkarrekin etxebizitzaren krisiari erantzutera», adierazi du.

Manifestazioaren eragile deitzaileen izenean, Gabi Arestegik independentea, parekidea eta sektore guziak barnebilduko lituzkeen behatoki iraunkor bat martxan jartzeko beharra proposatu du lehenik. Ondotik, Daniel Harotzarene (Batir les Solidarites), Isabelle Capdeville (Lurzaindia) eta Victor Pachonek (CADE) hartu dute hitza etxebizitzaren arazoari erantzuteko bost puntuak aletzeko.

Bost puntu

Batetik, lurra eta etxebizitzaren merkatuaren erregulazioa aldarrikatu du Harotzarenek, «berandu baino lehen» Euskal Elkargoak etxebizitza turistikoaren inguruan erabilera aldatzeko baimenaren araudia aldatu behar duela galdegiteko. Alokairuan jartzeari buruzko zerga erreforma ere plantan ezartzea proposatu dute eragileek.

Capdevillek eskuartze publiko edo kolektiboa mahai gaineratu du lurra eta etxebizitzaren kudeaketarako. Arbonako borrokari erreferentzia eginez, herriko etxeei dei egin die laborantza lurrak babesteko «engaiamendua sendoa» har dezaten.

Bigarren etxebizitzei buruz, gogora ekarri dute Ipar Euskal Herrian %21eko heinean direla. «Berehalako» neurri gisa, bigarren egoitzetarako bizitegi zergaren emendatzea aldarrikatu du Daniel Harotzarenek. Horrekin batera, transferentzien gaineko zergen bereizketa egitea proposatu du.

Etxebizitza duina eta «arrazoizko prezioan denek izateko eskubidea» aplikatu behar dela diote 33 eragileek. Hala, aterpetze aterabideen garapena bermatzea, etxebizitza sozialari lehentasun handia ematea eta etxebizitza pribatuetako alokairuak mugatu behar direla uste dute.

Victor Pachonek urgentzia ekologikoekiko eta klimatikoekiko bateragarritasuna kontuan hartu behar dela ohartarazi du bere hitzartzean.

Giltz multzo bat

Manifestazioa prestaketan lan kolektibo handi bat den heinean, urriaren 27 asteazkenarekin, Uztaritzeko Lapurdi gelan biltzar ireki bat antolatu dute, arratsaldeko 19.00etatik goiti.

Horrekin batera, crowfunding kanpaina bat abiatu dute www.manif20novembre.com web atarian.

Azkenik, manifestaziora hurbilduko diren herritar guziei dei egin diete giltz multzo bat eraman dezaten. Asteazken honetako prentsaurrekoan denek atera dituzten gisan, azaroaren 20an, arratsaldeko hiruretan, San Andres plazatik abiatuko den mobilizazioaren sinboloa izan dadin.