Bakea, elkarbizitza eta «herri susperraldi bat» aldarrikatu ditu Sortuk, urteurrenean
ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuen egunaren hamargarren urteurrenean agerraldia egin du Sortuk, «ondo egindakoak eta akatsak» gogoan, etorkizunari begiratzeko: ‘Etorkizuna dugu irabazteko, herriarentzat, herriarekin’ izenburua du adierazpenak.
Euskal Herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berretsi eta gaurkotu nahi izan du Sortuk, ETAren jarduera armatuaren amaieratik hamar urte betetzen diren asteazken honetan. Horretarako adierazpena irakurri du Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak Donostiako Pasealeku Berrian, Jorge Oteizaren artelanaren ondoan. Egindako bidea balioan jarri du, baina batez ere etorkizunari begiratu dio.
«Une erabakigarra batean gaudela» nabarmentzen hasten da adierazpena. Izan ere, «duela hamar urte ETAk borroka armatuari bukaera eman zion. Ezker independentista Euskal Herriaren norabidea aldatzen ahalegindu zen, etsipena zegoen tokian itxaropena lora zedin. Ausardiaz eta erabakitasunez jardun genuen, etorkizuna hobea posible eta beharrezkoa zela iritzita».
«Ez zen bide erraza izan» aipatu ondoren, zera erantsi du Sortuk: «Hamar urte geroago pozez esan dezakegu garai politiko berri bat irekitzen lagundu dugula. Biolentzia adierazpenetako bat ekuaziotik kanpo dago eta gaur egun, zalantza izpirik gabe, Euskal Herriaren egoera duela hamar urtekoa baino hobea da».
Bakea eta elkarbizitzari begira, «ezker independentistak lanean jarraituko du, orain arte ezinezkoa izan dena posible egiteko. Aieteko Adierazpenaren atal guztiekiko konpromisoan berresten gara. Preso politikoen auziari konponbidea eman behar zaio, biktimen aitortzan urratsak eman behar dira eta gatazkari aterabide demokratikoa eman behar zaio. Elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa dela uste dugu. Ez dugu etsiko eta ireki den aukera elikatzen jarraituko dugu, zintzotasunez eta ausardiaz, iragan astelehenean Urriaren 18ko Adierazpenarekin egin berri dugunez».
«Batzuk errelatoaren batailan daude, gu bakea eta elkarbizitzaren eraikuntzan. Hori delako jendartearen gehiengo zabal batek nahi duena; herri honek ez duelako gutxiago merezi. Arduraz jokatzeko unea da, denok. Guk jarraituko dugu ekarpen eraikitzailea egiten, herriaren interesak gure interesen gainetik jartzen ahaleginduz, gure bertsiorik onena ematen ahaleginduz», adierazi du Rodriguezek.
Erronka berriak
Arlo politikoan ere erabakigarritzat jotzen da une hau. «Nazio zahar hau hainbat erronka erraldoiri aurre egin beharrean dago: erronka globalei eta belaunaldiei dagozkien erronkei, besteak beste klima-aldaketari, zainketen krisiari, gure identitate komunitarioaren garapenari, ekoizpen-sarearen eraldaketari eta abarri». Sorturen aburuz, «herri susperraldi handi bat abiatzea» eskatzen du honek guztiak: «Etorkizunerako begirada luzea, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna erakusteko garaia da, interes orokorra lehenestekoa, alderdi ororen interesen gainetik. Etorkizun hobe batekin engaiatzeko unea da. Betebehar morala dugu ezagutu duguna baino herri hobe bat oinordetzan uzteko, bere orainaren eta etorkizunaren jabe dena, bere patua gobernatzeko gai dena. Etorkizuneko belaunaldiei zor diegu».
«Geuk ondo egindakoez eta geure akatsez arduratzen gara –bukatzen du–. Apaltasunetik, gure indar guztiekin, berdinen arteko herri aske bat eraikitzeko ekarpena egingo dugu, ‘pertsona guztientzat eskubide guztiak’ printzipio gidariaren baitan».