INFO

Maryse Conderen unibertsoan barna

84 urte ditu, gurpil-aulkian ibiltzen da eta astiro mintzatzen da. Azkenaldian nabaritzen zaio kosta egiten zaiola, baina barneko grinak hor dirau. Maryse Conde da, Antilletako idazle errebeldea. Bi nobedaderekin dator; bata frantsesez, bestea euskaraz.

Maryse Conde. (IMPEDIMENTA)

Nobel sarien kiniela guztietan azaltzen da bere izena; aurten ere bai, noski. Halere, orain gutxi kazetari batek Maryse Conde-ri galdera egin zion, ea berarentzat garrantzitsua ote den Nobela eskuratzea, eta horra bere erantzuna: «Ez». Hitz bakarra. «Pasa gaitezen hurrengo galderara, kazetari jauna».

Hiru kontinentetan bizitakoa den emakume honek (Afrika, Europa eta Amerika) fikzio historikoa idatzi du, ipuinak, olerkiak, entseguak eta eleberriak eta, bere lanetan, oroimenari, arrazari eta emakumearen egoerari buruzko hausnarketa etengabea aurkituko du irakurleak. Literatura-corpus emankor eta aberats hori sortzearen ordainetan, hainbat sari jaso ditu –nahiz eta frantses Gobernuarentzat zertxobait deserosoa den, Guadaluperen independentziaren defendatzaile amorratua delako–; esaterako, 2018ko Literaturako Nobel alternatiboa jaso zuen. Hau da, jazarpen sexisten salaketen ostean Nobel sariak bertan behera gelditu zirenean, suediar kulturako pertsona ospetsuek martxan jarritako sari alternatiboen irabazle suertatu zen, 3.000 liburuzainek emandako botoei esker. Hori da Maryse Conde, Karibeko ahots feminista eta borrokalaria.

Hilabete eskas darama Estatu frantseseko liburu-dendetan bere azken liburuak, ‘L’évangile du Nouveau Monde’ (Editions Buchet/Chastel) eta urriaren hasierarekin kaleratu da ‘Bihotza negar eta irri. Ene haurtzaroko istorio egiazkoak’ (Erein eta Igela). Joxe Mari Berasategi Zurutuzak euskarara ekarri du 1999an argitaratutako ‘Le coeur à rire et à pleurer: Souvenir de mon enfance’, jadanik klasikoa dena.

Guadalupen jaiotako neska hura

Egun, Estatu frantsesean, Okzitanian (Gordes herrian) bizi da Maryse Conde. Gaixorik dago; Sandrino anaia eraman zuen endekapenezko gaixotasunak jota dago bera ere. Anaia oso gazte hil zitzaien eta gaitzari ‘Boucolondarren gaixotasuna’ esaten diote (sendiaren abizena), familiako kideei bakarrik eragiten dielako, antza. Madarikazio bat izango balitz bezala.

Maryse Boucolon du berezko izena, beraz, baina lehenengo senarraren abizena hartu zuen. Mamadou Conde aktore ginearra zen; bigarren senarra, Richard Philcox, bere liburuak ingelesera itzuli dituena da. Maryse Conde 1937an jaio zen Pointe-a-Pitre herrian, Guadalupeko hiriburuan, Europar Batasuneko frantziar eskualde ultraperiferikoan. Zortzi anai-arrebetan gazteena da eta 10 urterekin hasi zen idazten. Lehena poema bat izan zen, amari eskainia. Urtebetetze-oparia zen: «Zatarra zela esan zidan, idaztea ez zela nire dohainetako bat». Ez zen egia, noski, baina 39 urte bete zituen arte ez zen ezer argitaratzera ausartu. Sorbona Unibertsitatean Literatura Konparatuan doktoretza egin ostean, Ginean, Ghanan eta Senegalen irakasle aritu zen. AEBetan eta Estatu frantsesean garatu zuen ondoren bere ibilbide akademikoa.

‘Bihotza negar eta irri’ osatzen duten 17 kontakizun laburretan, beraz, Pointe-a-Pitren bizitako haurtzaroan murgiltzen gaitu. Sakona eta xaloa da liburua, malenkoniatsua eta arina, era berean. Bertan Maryse Condek zintzotasun hunkigarriz aztertzen ditu bere haurtzaro eta gaztaroa. Ez da erraza bi munduren artean bizitzea, eta Maryse txikitatik jabetu zen horretaz. Etxean, gurasoek ez zuten kreoleraz hitz egin nahi, eta frantses peto-petoak izateaz harro zeuden... Alaba, Paris bisitatzean, zuriek sorbalda gainetik begiratzen zietela konturatu zen arte. Malkoaren eta irribarrearen artean, mardi gras egun batean jaio zenetik –amaren garrasiak inauterietako danbor-hotsekin nahasten ziren– lehen maitasunerainoko bidean jarraituko diogu, eta bidean beltz izatearen kontzientzia, feminismoa, kontzientzia politikoa eta bere literatura-bokazioa aurkituko ditu.

«Literaturak dakidan guztia erakutsi dit desberdintasunei eta berdintasunari buruz –aipatu zuen elkarrizketa batean–. Literatura gizakien arteko lotura da. Iraultzara edo edertasuna begiestera eraman zaitzakeen ametsa da, era berean. Baina, guztiaren gainetik, ulertzeko tresna bat da literatura. Mundua ulertzen laguntzen digu», dio. Bere ustez, iraultza guztiek lehenik intimoak izan behar dute–«familiaren gezurren eta gizarteen mitoen aurka matxinatu behar duzu»–, eta feminismo berriekin bat dator, nahiz eta aitortzen duen bera beste belaunaldi batekoa dela. «50 urte daramatzat gizon berarekin ezkonduta eta hemen nago bi gizon on hauek (lehen senarra ere bai) nigan sinetsi zutelako. Beraz, militante izateko hautagai txarra naiz, baina izugarri miresten dut harreman sexistak eta gure askatasunaren mugak ezabatzeko egiten ari den guztia».

Azken liburua ote?

Urte honen hasieran, urtarrilean zehazki, Estatu espainiarreko Impedimenta argitaletxeak bere lanen aukeraketa bat berreskuratu zuen, eta gaztelaniaz argitaratu dira. Oso zaila da bere lanen artean aukeratzea; Salemeko sorginen auziaz idatzi du (‘Moi, Tituba sorcière noire de Salem’, 1986), XIX. mendeko Maliko erresuma basatiari buruz (‘Segou’, 1984)... 2015ean iragarri zuen ‘Mets et merveilles’ liburua argitaratuko zuen azkena izango zela, oso gaixo zegoelako, eta utzi egingo ziola idazteari. Bi urte beranduago, eta senarraren laguntzari esker, ‘Le Fabuleux et Triste Destin d’Ivan et Ivana’ (JC Lattes) kaleratu zuen, 2015eko Parisko atentatuetan inspiratuta.

Aurtengo irailean kaleratu du ‘L’Évangile du Nouveau Monde’ (Editions Buchet/Chastel). Hau izango omen da azkena. Gabonetan bikote batek jaioberri bat aurkituko du etxe aurrean. Pascal deituko diote, eta haurra biziki ederra da. Txutxu-mutxuek diote jainko baten semea dela. Handitzen denean bere sustraien bila hasiko da.

«Aberatsak beste planeta batzuen bila dabiltza, Lurra kondenatuta dagoela uste baitute. Baina nik tinko eusten diot mundua aldatzeko dudan nahiari. Inozoa izan daiteke, baina benetakoa da». Gauza bera gertatzen zaio Pascali, hau da, globalizazioaren aurkako mesias feministari, langileen ustiapenaren, Hegoafrikako ondorengo apartheidaren edo Indiako ukiezinen egoera zailaren aurka azaltzen baita.