INFO

2.000 eurotik behera irabazten dutenei 100 euro emango dizkie Gobernu frantsesak erregaietarako

Hilean 2.000 eurotik behera irabazten duten herritarrei 100 euroko txekea emango die Gobernu frantsesak, erregaien prezioen igoerari aurre egiteko. 38 milioi pertsonak jasoko dute eta 3.800 milioi euro kostako zaio Estatuari.

Litroko ia bi eurora iritsi da erregaien prezioa. Irudian, gasolindegi bat Parisen. (Ludovic MARIN/AFP)

Jean Castex lehen ministro frantsesak iragarri duenez, Gobernuak 100 euroko txekea emango die hilean 2.000 euro baino gutxiagoko soldata garbia jasotzen duten herritarrei, erregaien prezioen igoera konpentsatzeko. Neurriak 38 milioi pertsonari eragingo die eta duela hiru aste gasaren eta argindarraren igoerak kontsumitzaileei eragingo dizkien kalteak arintzeko iragarri zuen «tarifen ezkutuaren» ondoren iritsi da.

TF1 katean azaldu duenez, txekearen onuradunek automatikoki jasoko dute diru-laguntza hori abendutik aurrera eta ez dute inolako tramiterik egin beharko. Neurri «xumea» izatea eta klase ertaina ere onuradun izan zedila nahi zuen Gobernuak, Castexen arabera.

«Ezohiko egoera baten aurrean gaude eta ezohiko konponbidea eman behar diogu», nabarmendu du. 

Txekearen kantitatea erabakitzeko orduan frantziar agitariek kalkulatu dute herritarren urteko batezbesteko 14.000 kilometro egiten dituztela autoz, eta urtarrila hasieratik gasolina 9 zentimo garestitu denez, horrek 80 euroko gainkostua ekarriko diela.

Diru-laguntza hilean 2.000 euroko soldata garbira iristen ez direnek jasoko dute, autoa izan ala ez eta gutxi edo asko erabiltzen duten kontuan izan gabe.

Ordainketa modu desberdinetan egingo da. Soldatapekoei beren enpresen bidez iritsiko zaie. Nekazari, langile autonomo eta erretiratuen kasuan, berriz, beste bide batzuk erabiliko dituzte. Castexek esan duenez, datozen egunetan zehaztuko dituzte.

Estatuari 3.800 milioi euro kostako zaio neurri hau indarrean jartzea. Erregaien BEZarengatik jasotzen diren diru-sarrerak handitu egingo direnez –1.000 milioi euro inguru kalkulatu dute–, txekearen kostuaren zati bat hortik ordainduko dute.

Gainerakoa gastu publikoaren beste partida batzuetan aurrezten dutenetik aterako dute. Castexek ziurtatu duenez, diru-kutxa publikoaren zenbaki gorriak ez dira handituko txeke honen ondorioz.