Bisitari onena izaten jarraitzeko erronka izango du Osasunak Santiago Bernabeu estadioan
Santiago Bernabeu bezalako zelai konplikatua bisitatuko du Osasunak asteazken honetan (21.30etan, Movistar LaLiga). Erronka konplikatua izanagatik ere, gorritxoek etxetik at pilatu dituzten emaitza onei jarraipena ematea bilatuko dute. Ancelottik gidatutako taldeak Bartzelonaren etxean irabazi zuen.
Ez da gauerdiko hauntzaren estula Lehen Mailan –ezta Bigarrengoan ere– kanpoan jokaturiko lau partidetan, lau garaipen eskuratu izana. Osasunak erdietsi denboraldiaren lehen laurden honetan –bere historia garaikidean, lehen aldiz– eta hori gutxi ez balitz, orokorrean ere bolada on batean murgilduta dago, azken porrota duela hilabete jaso baitzuen –etxean, Betisen aurka–.
Erronka benetan zaila dauka bolada on horri eutsi eta balentria are esanguratsuagoa lortzeko. Santiago Bernaubeu bisitatuko du. Santiago Bernabeu bisitatuko du Bartzelonari irabaztetik datorren Real Madrilen aurka indarrak neurtzeko. Ez da makala. Gainera, kontuan hartu behar da historiako estatistikak ere ez dituela alde: 2004. urtetik ez du Osasunak partidarik irabazi Santiago Bernabeu zelaian. Orduan 0-3 garaitu zuen, Valdo, P. Garcia eta El Yaagoubiren golei esker.
Ancelottiren taldea garaipenaren bidera itzuli da Ligan, aurreko jardunaldian Espanyolen aurkako porrotarekin benetan aste ahaztezina osatu ostean –Championsen Tiraspoleko Sheriffen aurka ere galdu egin zuen–. Oraingo honetan, baina, Txapeldunen Ligako jardunaldia irabazi eta bere arerio zuzenaren etxean irabazi izanagatik, sentsazioak berreskuratu dituela esan daiteke.
Ligan bigarren sailkatua da, Atletico Madrilekin puntuz berdinduta. Aipatu Espanyolen aurka soilik galdu eta Levante eta Vila-realen kontra berdinketa bana egin zuen; etxean, soilik bi puntu galdu dituela, alegia, Emeryren taldearen aurka, hain zuzen ere.
Jagoba Arrasate horren jakitun, adierazi du «mila gauza» egin beharko dituztela ongi Real Madril garaitzeko. Horregatik, «ondo defendatzea» izango da talde gorritxoaren zeregin nagusia eta, noski, ate aurrean ahalik eta eraginkortasun handiena edukitzea.
Era berean, zehaztu du bere taldeari ez zaiola interesatzen atzera-aurrerako partida bat; hau da, ez diola utzi behar arerioari «korri egiten». Partida pausatuago bat bilatuko du Berriatuako entrenatzaileak.
Denboraldiaren lehen laurdena jokatuta, 18 puntu batu ditu Osasunak eta horrek lasaitasun puntu bat ematen diola ere onartu du Arrasatek. «Gauza ezberdinak saiatzeko asktasuna ematen dizu baina ezin gara erratu», azaldu du.
Budimir aurrelaria entrenamenduetara itzuli den arren, Arrasatek ez du deialdian sartu, oraindik ere erritmoa hartzea falta zaiola iritzita. Sevillako neurketara joan daiteke, entrenatzaileak hala esanda. Aridane ere ez da oraindik errekuperatu. Guztira, 23 jokalari sartu ditu deialdian eta aldaketak egitea espero da, Bernabeun hasiko baita bere "tourmalet" partikularra: Real Madrilen ostean, Sevilla, Reala eta Atletico Madril izango dira bere hurrengo arerioak.
Real Madrilek, ere, hamaikakoan zenbait aldaketa egitea aurreikusten da. Berez, lau baja ditu –Ceballos, Isco, Bale eta Fede Valverde– baina komeni zaio azken neurketetan minutuak batu dituzten batzuei atseden ematea. Hala, ez litzateke harritzekoa Marcelo, Nacho, Camavinga, Hazard edo Asensio hasierako hamaikakoan egotea.
Osasuna sailkapenaren goialdean egonagatik, Courtois atezainak adierazi zuen «Real Madrilen arerio zuzena dela» eta adierazpen hauek grazia egin diote Arrasateri: «Hori esan badu, pertsona umoretsua da Courtouis».
Prestatzaile bizkaitarrarentzat, Real Madril eta Sevilla –hurrengo bi arerioak– txapelketako talde indartsuenak dira eta beraz, «partida biribila» egin beharko dutela iritzi du.
500 sarrera Sanchez Pizjuanerako
Klub gorritxoak jakinarazi du, Sanchez Pizjuanen jokatuko duten hurrengo partidarako 500 sarrera jarri dituela salgai. Sarrera guztiek 30 euroko prezioa izango dute eta Sadarreko lehiatilan egongo dira eskuragarri astearte arratsaldetik aurrera. Sarrera hauek eskuratzeko, derrigorrezkoa izango da bazkidea izatea edo "Gorritxoa naiz (Soy Rojillo"" txartela izatea.