INFO

Lakuak Iberdrola eta Petronorrekin «aliantza» sortu du, 2050ean zero emisio garbi lortzeko

Lakuako Gobernuak, EAEko bi enpresa energetiko nagusiekin, Iberdrolarekin eta Petronorrekin, ‘Basque Net Zero Industrial Super Cluster’ aurkeztu du asteazken honetan Barakaldon, isurien murrizketa bizkortu eta 2050ean zero emisio garbi lortzea helburu duen ekimena.

Barakaldoko BEC erakustazokan egin dute ‘Basque Net Zero Industrial Super Cluster’ ekimenarena aurkezpena. (IREKIA)

Lakuak, EAEko bi enpresa energetiko nagusiekin, Iberdrolarekin eta Petronorrekin, eta kluster industrialen laguntzarekin, ‘Basque Net Zero Industrial Super Cluster’ aurkeztu du asteazken honetan. Aliantza hau 2050ean zero isuri garbi lortzeko helburuarekin sortu da, eta datorren astean, azaroaren 3an eta 4an, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2021eko Konferentzian (COP26) Glasgown abiaraziko den ekimenetako bat izango da.

Barakaldoko BEC erakustazokan egin den aurkezpenaren buru Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia izan da, eta bertan Iberdrola, Petronor, EAEko 16 klusterrak eta trantsizio energetikoan, garapen teknologikoan eta industrialean eskumena duten Ana Camacho eta Cristina Oyon Lakua eta SPRI Taldeko zuzendariak izan dira.

Super Klusterra industria sektoreko isurien murrizketa bizkortzeko ekimena da baina, horrez gain, EAE «industriaren deskarbonizazioan aitzindari bihurtu nahi du, eta, aldi berean, garapen ekonomikoa sustatzen du teknologiaren eta sektore desberdinen deskarbonizazioari aplikatutako berrikuntzaren bidez».

Helburu horiekin, azaldu dute, «ekimenak eragin positiboa izango du konponbide berritzaileak hedatzeko teknologia berrietan kualifikatutako lanpostuak sortzean, eta funtsezkoa izango da euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko».

Horrela, EAEk World Economic Forum (WEF) garatzen ari den programarekin bat egiten duela adierazi dute, maila globalean, industria sektoreko isurien murrizketa bizkortzeko, eta, horren ondorioz, «konpromisoak indartuz eta ekimenak bultzatuz egingo da aurrera, emisio garbi horiek lortzeko», gehitu.

Horrela, ‘Basque Net Zero Industrial Super Cluster’ delakoak prozesuak bizkortu eta isuriak murrizteko helburu hori lortu nahi duela narmendu dute, eta, horretarako, «Euskal industria sektorearen energia horniduraren deskarbonizazioa eta energia eraginkortasuna lehenetsiko ditu».

‘Super Kluster’ izendapena, nabarmendu dute, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko lanean ari diren Kluster Industrialak integratuko dituelako eta, besteak beste, lankidetzako ekimenen koordinazioa eta garapena erraztuko duelako hautatu dute.

Abian jartzeko prozesua

‘Basque Net Zero Industrial Super Cluster’ abian jartzeko prozesua hainbat fasetan gauzatuko dela aurreratu dute, eta fase horietan industria eta eragile ezberdinak proiektuaren ekimen eta garapenean bat egiten joango direla.

«Lehenengo fasean, azaroaren 3an Glasgown abian jarriko den fasean, Eusko Jaurlaritza, Iberdrola, Petronor eta euskal klusterrek erabaki dute euskal industriaren isurketa guztien %5 baino gehiago isurtzen duten bost industria prozesutan fokua jartzea: finketa, siderurgia, galdaketa, zementua eta pasta eta papera», azaldu dute.

Honela, ekimen honek World Economic Forumek definitutako lau garapen arloetan proiektuak eta ekimenak egitea bultzatuko du: Eraginkortasun Energetikoa, Elektrifikazio Berriztagarria, Hidrogenoa eta CO2aren atzipena.

Arlo horietan, eta bereziki hasierako abiarazte fasean, Iberdrolak eta Petronorrek, gaineratu dute, lehenetsitako industria sektoreetako kluster elkarteekin koordinatuta, «emisio baxuko energia iturrien integrazioan fokua duten ekimen eta proiektuen garapena gidatuko dute, horretarako inbertsioak eta baliabideak bultzatuz».