INFO

Euskal Herria dantzan jarriko dute, elkarte eta boluntarioen ekarpena aldarrikatzeko

Izurriteak are nabarmenago utzi du elkarte eta boluntarioek egiten duten lanaren balioa. Hori aldarrikatzeko asmoz, ‘Elkar+ekin gara!’ ekimena abiatu du EIBE elkarteak. Askotariko eragileek parte hartu dute aurkezpenean. Iragarri dutenez, Euskal Herri osoa dantzan jartzeko erronka dute.

Elkar+ekin gara! ekimenaren aurkezpena, ostegun honetan Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Agirre Lehendakari Center, Euskaltzaleen Topagunea, ArantzazuLab, Euskal Herriko Bilgune Feminista, GEZKI EHU, Gipuzkoako Foru Aldundia, Telesforo Monzon Fundazioa, ONGD Euskadi eta Euskal Dantzarien Biltzarra elkartu dira ostegun honetan Donostian egitasmo berri bat aurkezteko. ‘Elkar+ekin gara!’ izena du.

Agertu dutenez, pandemia garai honetan inoiz baino ageriago gelditu da elkarte eta boluntarioek egiten duten lana, eta hori aldarrikatzea da ekimenaren asmoa.

Herria Dantzan

Hasteko, ez dute nolanahiko erronka paratu: 2022ko urtarrilaren 2an Euskal Herri osoa dantzan jarri nahi dute. 50-60 eskualde, 5.000-10.000 pertsona mugiarazi nahi dituzte. Zertarako? Elkarte eta boluntarioen ekarpena aitortzeko. Boluntarioak zaindu eta formatu behar direla aldarrikatzeko. Baita herritarrak komunitateko ekintzetan parte hartzera animatzeko ere. Eta zergatik dantzan? Erran dutenez, dantzatzeak pozik jartzen gaituelako, eta komunitatea sendotzeko ezin hobea delako. 

Aipatu bezala, datorren urteko bigarren egunean izanen da hitzordua, 11.00etan hasi eta 12.30 bitarte. Parte hartu nahi duten dantza taldeei idazteko deia egin diete, info@eibe.eus-era. Facebook eta Twitterren ere badaude.

Elkarte Lab

Beste proiektu bat ere aurkeztu dute agerraldian: Elkarte Lab Euskal Herri mailako azterketagune eta ideia eta proiektu laborategia.

Azaldu dutenez, eskualde eta elkartegintza alor ezberdinetako 50-60 kidek osatuko dute, honako xedeekin: elkarte eta boluntariotzaren inguruko datu, iritzi, esperientzia eta abar jaso eta erronka berriak detektatu eta planteatzea; eta harreman sareak sortu eta sendotzea, bai elkarteen artean, baita ekosistema horretan garrantzitsuak diren beste eragile batzuen artean ere (erakunde publikoak, fundazioak, kooperatibak, unibertsitateak eta hedabideak kasu).