INFO

Real Madrilek, gauza handirik egiteke, arima galdua dirudien Baskonia gainditu du (65-83)

Zortzi egunetan laugarren porrota jasan du talde gasteiztarrak eta hirugarren partidaz jarraian 83 puntu jaso ditu. Errebotean eta hirukoetan madrildarrak jaun eta jabe izan dira. Albisterik onena Rokas Giedraitis jokora itzuli dela izan da, baita Tadas Sedekerskis eta Arturs Kurucsen kemena ere.

Uztaipean Real Madril askoz gehiago izan da Bitci Baskonia baino. (Raul BOGAJO /FOKU)

BITCI BASKONIA 65 - REAL MADRIL 83

Laugarren porrota jasan du Bitci Baskoniak lau egunetan eta hirugarren partida izan da segidan 83 puntu sartu dizkionak aurkariak. Real Madrilek ez du beste munduko ezer egin behar izan gasteiztarrak airean erabiltzeko. Errebotean jaun eta jabe izan dira Pablo Lasorenak eta erreboteari esker eskuraturiko bigarren eta hirugarren aukera horiek baliatu dituzte puntuak sartzeko. Bigarren laurdenetik aurrera, gainera, hirukoetan ere asmatzen hasi dira madrildarrak, eta handik aurrera Baskoniarekikoak egin ditu. Hildakoen eguna azaroaren 2a baldin bada, uneotan Baskoniak bizitik baino anima galduaren traza handiagoa dauka.

Rokas Giedraitis beroketa lanetan aritu da, itxuraz inolako arazorik gabe. Bada, hegaleko lituanirrak Murtzian jasandako orkatilako bihurritua nolabait atzean utzi ahal izan du; dena baleko Baskoniarentzat hain aste petrala pairatu ostean. Ez du mirari handirik egin lituaniarrak, baina behintzat jaurtitzen ez zaiola ahaztu erakutsi du.

Kuriosoa izan da bosteko titularra; izan ere, Baskoniak, azken egunetan egin duen moduan, Granger eta Baldwin antolatzaile biak batera atera dituen bitartean, Real Madril joko antolatzailerik gabe atera da, Abalde eta eta Hangaren artean erdibanatuz lan horiek.

Gasteiztarren plana hobeto atera da hasiera batean, Abaldek berehalako batean bi falta egin baititu. Alabaina, Thomas Heurtel kantxaratzeaz bat madrildarren jokoak gorantz egin du, eta 10-8 galtzen egotetik 10-14ra aitaren batean pasa dira, saskiratze errazak eta korrika egiteko aukera baliatuz; ikusi da ere eraso estatikoan Baskonia ez dabilela nahi bezain fin, eta behar baino errazago galdu dituela zenbait baloi. Gauza horiek guztiak aintzat hartuta, Dusko Ivanovicek hutsartea eskatu du, eta horrez gain Giedraitisi ere sarbidea eman dio. Lituaniarrak, tamalez, ez du gauza handiegirik egin ahal izan.

Aurreneko laurdena 10-16 amaitu da azkenean, baina bigarrenera begira, gauzak petraltzen hasi dira, Yabuselek bost puntu oso erraz sartu dituelako. Steven Enoch sartzeak on egin dio talde arabarrari eta apurka aldea murriztea lortu du laurdenak aurrera egin ahala.

Baina atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan beste kolpe bat eman du Real Madrilek, 0-10eko partziala lortu baitu Tristan Vukcevic gaztearen eta Poirier Baskoniako jokalari ohiaren bidez. Talde mnadrildarra 20-34 aurreratu da, errebotea bere eginez eta erasoan etxekoek baino erraztasun handiagoa erakutsiz, eta Sedekerskisek «hiru gehi bateko» jokaldi bikain bat burutu badu ere, ez da nahikoa izan atsedenaldira gasteiztarrak hamar puntuz behetik iristeko: 26-39 Rudy Fernandezen hiruko baten ondotik.

Behar baino laguntza gehiago

Nahi eta ezin batean aritu da Bitci Baskonia atsedenaldiaz geroztik. Hasteko, erreboteetan Real Madrilekiko erakutsi duen indar falta dela-eta. Edy Tavares erraldoiak nahieran jokatu du hirugarren laurden honetan eta inork ere ezin izan du gelditu.

Baina defentsan ahalegindu da Baskonia eta falta tekniko batzuek gorabehera, saiatu da markagailuan hurbiltzen. Ez diote, ordea, ezta epaileek ere aukerarik eman, zalantzazko erabaki larregi Real Madrilen alde hartuta. Bistan da Baskoniak ez duela epaileen erruz galdu, baina oker dabilen taldeak laguntzarik ezean, ez du bere bidea zuzentzen.

Eta hori gutxi balitz, Real Madrilek partida hirukoei esker gautsi du, Hanga eta Yabuseleren eskutik, azken laurdenera partida 38-63 iritsi baita.

Handik aurrera bakoitzak ahal duena egin du, eta ez da gutxi. Baldwinek jaurtiketa libre mordoa atera dizkie Real Madrileko pibotei. Arturs Kurucsek pare bat hiruko gauzatu ditu eta Sedekerskisek ere bi hirukotan asmatu du. Dena gutxiegi hala ere Real Madrili kilimarik egiteko. Hain izan da handia aldea, Pablo lasok Juan Nuñez antolatzaile gazteari ere aukera eman diola, eta honek «bi gehi bateko» jokaldi aparta burutu du Baldwinen muturretan.

Azken laurdeneko albisterik onena 10.038 zaleen txalo zaparrada izan da Ivanovicek Tadas Sedekerskis kantxatik atera duenean. Zaleek esker ona adierazi diote lituaniarrari, baina porrotaren mina –laugarrena zortzi egunetan– berdin berdina da. Eta datorren ostiralean behetik gorantz datorren Maccabi azalduko da Zurbaon.

Sedekerskis: «Denok batera aterako gara egoera honetatik»

Kapitain izatea gogorra da halako egun txarrak datozenean, baina Tadas Sedekerskisek aurpegia eman du Real Madrilen aurkako partida eta gero.

«Bistakoa da momento txarrean gaudela, baina ezin dugu burua makurtu. Sarritan ‘Baskonia Izaera’ azpimarratu izan da gure nortasuna zelakoa den aditzera emateko. Bada, astebete luze daukagu hurrengo norgehiagoka prestatzeko –Maccabiren aurka, datorren ostiralean 20.30etan– eta lana beltz egingo dugu partida hori irabazi eta bolada txar honetatik atreatzeko», esan du hegaleko lituaniarrak.

«Ez gara hain txarrak ere!», esan du Dusko Ivanovicek prentsa aretoan –«nahiz eta postu batzuetan mugatu xamarturik gauden», gaineratu du– eta bere entrenatzailearen hitzak berretsi ditu kapitain gazteak ere. «Bolada txar batean murgiltzen zarenean badirudi jokalariek ez dutela balio, ezta entrenatzaileak ere eta dena ilun ikusten da. Baina Duskok –Ivanovicek– denetarik irabazi du hemen Gasteizen, eta badaki zer ari den esaten. Lana gogor eginda aterako gara, denok batera», azpimarratu du Sederskisek. Izan ere, zaleen laguntza behin baino sarriagotan eskatu du.

«Zaleek ere guri laguntzeko ordua da. Asko ematen digute eta egoera honetatik denon artean lortuko dugu ateratzea. Ez beldurtzeko eskatuko nieke, taldeak kalitatea eta gaia baduelako. Baina bolada txarrean bagaude ere, denon artean lortuko dugu ateratzea», berretsi du.

Bere aldetik, «barkamena» eskatu du Jayson Grangerrek twitter bidez eta hurrengo asteko partidei begira «gogorrago lan» egiteko konpromisoa hartu du joko antolatzaile latinamerikarrak.

Peters kirofanotik pasako da

Halakoren baten, denboraldi-aurrean Lenovo Teneriferen aurka belaunean min hartu ondoren, Saski Baskoniak Alec Petersi buruz zerbait esan du. Espero zatekeen, baina azkenean zaleen susmoa berretsi baino ez du egin prentsa ohar horrek. Datorren martitzenean, azaroaren 2an, Chicagon ebakuntza egingo diote Illinoisko hegal-pibotari. Brian J. Cole doktoreak zuzenduko omen du ebakuntza, Saski Baskoniak bere oahrrean esan duenaren arabera.

Petersek meniskoan «lesio konplexu bat» du –zehaztasun gehiago eman gabe– eta «tratamendu kontserbadoreek» uste baino emaitza kaxkarragoa eman dutelako, asteartean, azaroaren 2an, operatu egingo dute azkenean. Errekuperazio denbora ere ekauntzaren «emaitzaren araberakoa» izango dela aipatu du alde gasteiztarrak.

PARTIDAREN FITXA

Baskonia: Granger (5), Baldwin (10), Fontecchio (7), Sedekerskis (11) eta Nnoko (7) –hasierako bostekoa–, Costello (2), Giedraitis (6), Kurucs (10), Enoch (7) eta Marinkovic.

Real Madril: Hanga (12), Taylor (2), Yabusele (14), Tavares (12) eta Abalde –hasierako bostekoa–, Heurtel (6), Rudy Fernandez (9), Vukcevic (8), Poirier (12), Llull (6) Juan Nuñez (2) eta Causeur.

Epaileak: Conde, Sanchez Sixto eta Torres. Teknika adierazi diote Ivanovici, Taylorri, Heurteli eta Grangerri. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 10-16, 16-23, 12-24, 27-20.

Gorabeherak: 10.038 ikusle Buesa Arena pabilioian. Rokas Giedraitis itzuli da, ez ordea Real Madrileko Carlos Alocen joko antolatzailea, bizkarreko arazoak jota. Poirier txalo artean hartu dute zaleek; txistu artean Heurtel eta Hanga. Partidari ekin aurretik minutuko isilunea gorde zen hil berri den Juan Lopez Vicente epaile ohi bizkaitarraren omenez.