INFO

Lazkozek irabazi du Altsasun eta Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalista da

300 lagunen aurrean jokatu da Altsasuko finalaurrekoa, Iortia Kulturgunean. Han aritu dira kantuan Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Oier Lakuntza. Lazkozek lortu du puntu gehien, eta bera da hilaren 28an Iruñean jokatuko den finalerako lehen sailkatua.

Eneko Lazkoz gaurko saioan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Eneko Lazkozek irabazi du astelehen honetan Altsasuko saioa, eta bera da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalista.

Altsasun jokatu da honetan 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurreko hau, Iortia Kulturgunea bete duten 300 lagunen aurrean.

Han aritu dira kantuan, zozketan egokitutako ordenean, ondorengo bertsolariak: Endika Legarra Nuin, Eneko Lazkoz Martinez, Erika Lagoma Pombar, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Oier Lakuntza Irigoien.

Fernando Anbustegi Goñi izan da gai-jartzaile Nafarroako Bertsozale Elkarteak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatu duen saioan.

Saio puntuagarria amaituta, Eneko Lazkozek lortu du puntu gehien, eta modu horretan, saioa irabazi eta Iruñean azaroaren 28an jokatuko den finalerako lehen txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Xabat Illarregi, Erika Lagoma, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra eta Oier Lakuntza.

Zehazki, horrela geratu da saioko puntuazioa:

1. Eneko Lazkoz Martinez (489)
2. Xabat Illarregi Marzol (465)
3. Erika Lagoma Pombar (442)
4. Ekhiñe Zapiain Arlegi (427,5)
5. Endika Legarra Nuin (392)
6. Oier Lakuntza Irigoien (388,5)