Oporraldia Erroman klimaren aitzakiarekin
G20 taldearen bilera etorkizunari begira amaitu da, baina momentuz betiko orainaldia erakutsi du: emakumeak ez ziren izan bileraren protagonistak eta liderrek auto pilo bat erabili zituzten Erroman.
Paul Valery poeta frantziarrak esaten zuen: «Jada ez dago etorkizunik». Epe luzerako planak oso zailak dira ulertzeko, baina errespetu handia merezi dute, nahiz eta epe luzean guztiak hilda egon, W.M.Keynesek esaten zuen bezala.
G20a asteburuan izan zen Erroman. Munduko liderrek parte hartu zuten, eta etorkizunari begira zenbait mezu zabaldu zituzten, baina erakutsi zutenak iragana zekarren gogora. Emakumerik ez genuen ikusi, adibidez, eta Erromatik mugitzeko kotxe andana erabili zuten. Gainera, argazki ofizialetan musukoak derrigorrezkoak izan ziren denentzat, politikarientzat izan ezik.
Emakumeak, erosketak egitera
Egia esan, ziurtasunak baino gehiago, G20 taldearen gailurrak zalantzak utzi zituen. Ematen zuen liderrak Italiako hiriburuan oporretan zeudela eta ez mundua hobetzeko edo klima aldaketari buruz eztabaidatzeko. Noski, behin Erroman halako ekimena antolatuta, aukera ezin hobea da turismoa egiteko. Horregatik, agian, hasieratik emakumeek ez zuten parte hartu.
Gela barruan gizonek munduari buruz hitz egiten zuten bitartean, kanpoan, aldiz, andreak erosketak egiten ibili ziren. Prentsak azpimarratu zuena hori izan zen: Brigitte Macron eta Jill Biden elkarrekin Via del Corso-n edota Via Condotti-n, esate baterako, baita luxuzko jatetxe batean. Haien arteko harremana nabarmendu zuten, bi ahizpena bezalakoa zela esan zuten. Zer uste dute klima-aldaketari dagokionez? Inork ez daki.
Egia da gaur egun ez dagoela emakume askorik boterean Europan: Angela Merkelek utzi egiten du eta, dirudienez, Olaf Scholz izango da Alemaniako kantziller berria. Ursula Von der Leyen bai, Europako Batzordearen burua da, baina azken hilabeteetan gero eta gutxiago agertzen da.
Ez dago zalantzarik gailurraren benetako protagonistak gizonak izan direla. Txina eta Errusiako delegazioetan ez zegoen emakumerik, eta Mario Draghi, Italiako lehen ministroa, bilakatu da Europako liderra. Hotel batean bezala, ‘Super Mario’ bera ibili zen gonbidatuei besarkadak eta bostekoak ematen. Behin eta berriro errepikatu zuen Italia Europako erdigunea dela.
Hotelaren antza eduki zezakeen arren, jatetxe itxura ere har zezakeen egoerak, ikuspuntuaren arabera. Larunbateko afarirako menua, prentsak aurreratu zuenez, Sergio Mattarella errepublikako presidentearen ideia izan zen. Hauxe zen, zehazki, bere ‘super-menua’: izokin marinatua oliba-hautsarekin, ondoren kuilarekin egindako risottoa eta lupia, presidentearen ortuan bertan jasotako barazkiekin. Zero kilometro. Tomate eta apio hostopilaren ostean iritsi zen postrea, mandarina krema.
Brindisaren ondoren, denak elkarrekin agertu ziren argazki ofizialean: liderrak, musukorik gabe; zerbitzariek, jakina, jarrita zeramaten. Etorkizun honek iraganeko usaina du.
Basurdeei tiroka
Asteburuan zehar, erromatar askoren protestak irakurri ahal izan dira sare sozialetan: «Nondik atera dira hainbeste polizia? Eta udaltzaingoak? Sirenak nonahi entzuten dira».
Soldadu ugari ere izan zen Italiako hiriburuan, munduko liderrak babesteko. Beharrezkoak ziren? Mehatxuren bat zegoen? Manifestazio batzuk izan ziren G20aren bileraren aurka, baina oro har baketsuak izan ziren. Ez zuten zerikusirik, esaterako, Genovan 2001ean G8aren aurka izandako protestekin.
Erroma militarizatu egin zuten eta Italiako telebistak egoera hori aprobetxatu zuen gaia ironiarekin jorratzeko. Maurizio Crozza aktore komikoaren esanetan, militarrek beste zerbait egin zezaketen: «Zergatik ez zituzten basurdeak ehizatu? Imajina dezakegu afari ofizialaren menuan azken minutuko aldaketa: barkatu jaun-andreok, lupiaren ordez basurde-okela daukagu, oraintxe bertan polizia batek hil du animalia».
Crozzak arrazoia zuen, Erromako udal hauteskunde-kanpainan basurdeei buruz hitz egin zen, gai garrantzitsua izan zen. Ehunka animalia ibiltzen dira, lasai-lasai, kalez kale, turistak bezala eta turisten artean, baina sirenarik ez.
Sirenak bazituzten munduko liderrak hirian barrena mugitzeko erabilitako autoek. Joe Bidenek, adibidez, Aita Santuari bisita egin zion, eta bere semeari buruz hitz egin zuen Frantziskorekin. Izan ere Beau Biden oso gazte hil zen minbiziak jota.
Dena den Vatikanora joateko AEBetako presidenteak eta bere emazteak 30 kotxe erabili zituzten. Beharrezkoak al ziren klima-aldaketari buruzko gailur batean? Zenbat kontsumitu zuten? Ezin zuten erabili, adibidez, Vespa dotore bat, ‘Roman Holiday’ filman bezala? Mezu polita eta ausarta izango litzateke. Azken finean, filmak ekitali batean parte hartu behar zuen printzesa baten (Audrey Hepburn) istorioa kontatzen zuen, asperdurak jota turismoa egitea erabakitzen zuena.
Epe luzerako planak, egia esan, ez zituen ere.