Arazoak eta zalantzak berriro Marcelinorentzat Athleticen atzeko lerroa osatzeko
Yerayk min hartuta amaitu zuen derbia eta gaur ezin izan du taldekideekin batera entrenatu. Vivian lesionaturik dago eta Iñigo Martinez zigortuta. Balenziaga aldiz, Cadizen kontra jokatzeko moduan egongo da tripetako arazoak gainditu ostean.
Denboraldi hasieran hegaletako atzelariekin gertatu zen bezala, Athleticek arazoak eta zalantzak izango ditu ostiral honetan defentsa osatzeko. Lehen partidetan titularrak izan diren Vivianek eta Iñigo Martinezek ezin izango dute jokatu Cadizen aurka eta Yeray zalantzan dago. Barakaldoko jokalariak minduta amaitu zuen Anoetako derbia.
Hanketako giharretan gainkarga bat izan zuela azaldu zuen Marcelinok partidaren ostean. Mutil gogorra dela nabarmendu zuen eta ostiralean jokatzeko egotea espero da. Athleticek gaur egin du asteko lehen lan saioa eta Yerayk ez du parte hartu.
Balenziaga berriz, taldekideekin batera entrenatzen aritu da. Zumarragako ezker lateralak ezin izan zuen jokatu Realaren kontra. Iñigo Martinezekin aurreko jardunaldian gertatu zen bezala, tripetako minak izan zituen azken unean.
Yeray osatzen ez bada Balenziagak jokatu dezake erdiko atzelai gisa Unai Nuñezen alboan. Aurreko denboraldian jokatu zuen Granadaren kontrako partida esaterako. Bilbao Athleticetik Paredes eta Lorente igo ditzake Marcelinok deialdia osatzeko.
Beste aukera bat Petxarroman postu horretan kokatzea izan daiteke. Gipuzkoarrak Lehen Mailan debutatu zuen Anoetan. Eskumatik aritu zen De Marcosen ordez.
Iñigo Lekue maila bikaina ematen ari da bi hegaletan eta hamaikakoan tokia egitea lortu du. Oraindik jokatu gabe dagoena Ander Capa da. Ezkerraldeko jokalariari kontratua amaitzen zaio denboraldi amaieran eta ez da adostasun batera iritsi klubarekin.
Cordobaren bosgarren gola eta Basconia gorantza
Athleticek utzita jokatzen ari da Iñigo Cordoba Herbereetako Go Ahead Eagles taldean. Ezker hegaleko bilbotarrak bosgarren gola egin du asteburu honetan jokatutako zortzigarren partidan.
Bestalde, talde zuri-gorriaren harrobiko taldeak zailtasunak izaten ari dira denboraldi hasieran. Bilbao Athleticek berdinketa bat lortu zuen SD Logroñes taldearen zelaian (1-1) eta Basconiak 0 eta 2 irabazi zion CD Vitoriari, Eibarren bigarren taldea dena. Patxi Salinasek zuzentzen duen taldeak hainbat garaipen lortu ditu azken hilabetean eta sailkapenean seigarren postuan kokatu da.