INFO

Malosteren indarraz baliatuta, taldea osorik duen Virtus Boloniari irabazi nahi dio Gernikak

Bizkaitarrek Eurocup Women txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko dute asteazken honetan (20.00, ETB4) eta multzo fasea gainditzeko aukerak handitu nahi dituzte hirugarren garaipena lortuz. Aurkariak ez du garaipenik ezagutzen, baina Brianna Turner WNBAko azpitxapelduna taldean da jada.

Gernikako jokalariek asko borrokatu beharko dute Virtus Bolonia gainditzeko. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Mahaigainean kolpea eman zuen Lointek Gernikak aurreko astean Flammes Carolo Basket taldeari 58-69 irabazita. Garaipen horrek H multzoko bigarren posturaino altxa zuen talde bizkaitarra, eta asteazken honetan (20.00, ETB4) beste aukera bikain bat du du sailkapeneko goiko postu horietan mantentzeko, eta zeinek daki, lidertza lortzeko. Horretarako, Virtus Boloniari irabazi beharko lioke eta Roche Vendee liderrak Flammes Carolo Basketen etxean galdu beharko luke (20.00).

Gernikak multzo fasea gainditzea du helburu. Eta taldean denek dakite zeinen garrantzitsua den asteazken honetako neurketa, Malosten, zaleen aurrean, jokatzen baitute. Gainera, partida honen atzetik, geldialdia dator; eta moralki beti izaten da hobeto garaipen batekin joatea ‘atsedena’ hartzera.

Mario Lopez entrenatzaileak jokalari garrantzitsuak prest ditu. Angie Bjorklundek sorbaldan zituen arazoak gainditu dituela dirudi, eta Melisa Brcaninovic Gernikara iritsi zenetik bere momentu onenean dago.

Bestalde, Virtus Boloniak taldea osorik du dagoeneko. Brianna Turner izan da taldera azkenekoa iristen. Munduko Liga onena den WNBAn egindako batez bestekoak ez dira makalak izan: 7,8 puntu eta 8,4 errebote. Connecticut Sun taldearekin finala jokatu zuen hegal-pibotak, baina 3-1 galdu zuten Chicago Skyren kontra.

Talde italiarrak somatu du, asko, Brianna Turneren etorrera. Veneziaren aurkako Liga partidan, 37-75 irabazi zuten, azken fitxaketaren 14 puntu eta 18 erreboterekin. Gainera, laguntza bikaina izan zuen Hines-Allen (18 puntu), Zandalasini (17) eta Dojkicekin (16).

Ligan hain garaipen handia lortuta badator ere, Virtus Boloniak oso zaila du Eurocup Women txapelketako multzo fasea gainditzea, hiru partidak galdu baititu. Hori bai, Gernikak gauzak oso ondo egin beharko ditu garaipena lortu ahal izateko.