INFO

«Heptamerona» klasikoko lehen eguneko ipuinak, euskaraz

Margarita Nafarroakoak XVI. mendean idatzi zuen «L’Heptaméron» narrazio bildumako lehen eguneko istorioak euskaraz ere irakur daitezke Booktegi.eus plataforman. Booktegik berak eta Nafar Ateneoak bultzatutako egitasmoa obra osoa itzultzea da.

Mikel Antza idazlea, Xabier Artola, Josu Jimenez Maia Nafar Ateneoko kidea eta Fito Rodriguez. (Nafar Ateneoa)

Zazpi eguneko itxialdi batean kontatutako istorioak bildu zituen Margarita Nafarroakoak “L’Heptaméron” izeneko obran duela lau mende eta erdi pasa. 2020an pandemia batek ezarrarazi zuen itxialdi luzeago batean, literatura frantseseko obra nabarmen bat euskaratzeko proiektua sortu zen, aspaldi hartako itxialdian kontatutako istorioak euskaratzekoa, hain zuzen: Margarita Nafarroakoak idatzitako “L'Heptaméron”.

Eurite trinkoa zela-eta Bearnoko abadia batean babestu diren zenbait zaldun eta dama, beren itxialdia arintzeko, istorio atsegin eta dibertigarriak, baina baita onbidezkoak ere, elkarri kontatzeko biltzen dira egunero eta zortzi egunez hamarna istorio kontatuko dituzte, azken egunean izan ezik, bi baino ez baitute kontatuko. “Heptamerona”, narrazio horiek biltzen dituen obra, 1559an argitaratu zen osorik. Frantsesez idatzita, geroztik hizkuntza askotara itzulia izan da.

Booktegi.eus plataformak eta Nafar Ateneoak, itzulpenaren sustatzaileek, jendarte osoarentzat berreskuratu nahi dute klasiko hori, «baita nahi duten irakurle guztien eskuetara helarazi ere». Izan ere, “Heptamerona. Zazpi egun itxialdian” obrako lehen eguneko ipuin edo istorioak eta hitzaurrea eskuragarri daude Booktegi.eus plataforman.

Lehen atal hori, baina, egitasmoaren lehen emaitza baino ez da, proiektua liburu osoa itzultzea baita, urtero egun bateko ipuinak euskaraz emanez: «Jatorrizko liburuak dituen 72 kontakizunak zortzi liburukitan banatuta argitaratuko dira, eta zortzi itzultzaile bikote ariko dira horiek euskaratzen. Talde lana izango da». Halaber, ez dute baztertzen paperezko formatuan ere argitaratzea.

Lehen liburuki hori, beraz, hamar ipuinek osatzen dute, hitzaurreaz gainera. Fito Rodriguezek eta Xabier Artolak itzuli dituzte, eta Josu Zabaletak gainbegiratu ditu. Azala berriz, Uxue Pascualek egin du. Obraren hurrengo atalak euskaratzeari ere ekin diote dagoeneko, crowdfunding baten bidez jasotako diruari esker, eta «bihotz-bihotzez» eskertu dute diru bilketan lagundu duten guztien kolaborazioa.

Egilearen eta obraren garrantzia

Proiektuaren sustatzaileen ustez, nabarmendu beharra dago bai obraren, bai egilearen garrantzia. Gogorarazi dutenez, “L'Heptaméron” literatura unibertsalaren klasiko bat da. Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuak erreginaren biografia bat argitaratu zuen 2011n, “Margarita de Angulema. Una princesa del Renacimiento”, baita umeentzako bertsio bat ere, gaztelaniaz eta euskaraz: “Margarita Angulemakoa, Nafarroako erreginaren bizitza”. Aurrera, baino lehen, beraz, egokia dirudi lerrootan emakume horren bizitzako zenbait zertzeladaren berri besterik ez bada ere emateak.

1492an sortu zen Anguleman. Zazpi urte geroago haren osaba Luis XII.a Frantziako errege bihurtu zen, eta 1515ean, berriz, Margaritaren anaia, Frantzisko I.a. Gorte batetik bestera egingo zuen, haren bigarren senarra Henrike II.a Nafarroako erregea baitzen.

Alde batetik, katolikoen eta protestanteen arteko erlijio gatazkak bizi izan zituen bete-betean; bestetik, lehenengo Frantziaren eta Espainiaren arteko lehia eta ondoren Nafarroaren eta Espainiaren artekoa, baita haietan nahastu ere hala bere anaiari nola geroago bere senarrari lagunduz Karlos V.a enperadorearen aurka. Biak ere, Frantzisko I.a eta Henrike II.a, haren preso izan ziren, Nafarroakoak ihes egin bazuen ere. Errege frantsesa ez bezala, Margarita Hegoaldeko erresuma berreskuratzen saiatu zen hil arte.

Erromako Elizarekin inoiz guztiz hautsi gabe ere, protestantismoa babestu zuen, eta Nafarroa Europako kultura gune nagusietakoa bihurtu zuen. Kulturarekiko maitasuna haren alaba Joana Albretekoak bere egin zuen. Besteak beste, berak sustatu zuen euskarazko lehen itzulpena, Joanes Leizarragari Testamentu Berria itzultzeko eskatuz.

Margarita Nafarroakoaren literatura obra oso ugaria da, eta hainbat genero landu zituen. Giovanni Boccaccioren “Il Decamerone” narrazio liburuaren frantsesezko itzulpena sustatu zuen eta “Heptamerona”-k berak idazle florentziarraren obraren abiapuntu eta egitura berdinak ditu. Margaritaren obran, baina, pertsonaien itxialdia hamar egunekoa gabe, zazpikoa da. Izan ere, zazpigarren eguneko narrazioak amaituta eta gutxira hil zen, 1549an. Edonola ere, garai hartako frantses literaturako obra nabarmentzat jo izan da. Haren itzulpenaren sustatzaileek gogorarazi dutenez, hainbat ipuinen «ikuspuntu aurrerakoiak ere gaur egungo irakurleentzako erakargarri bihurtzen du Nafarroako erreginaren liburua», besteak beste genero ikuspegitik.

Lehen irakurraldia

Urtero, itzulitako egun bakoitzeko ipuinak jendaurrean irakurtzeko asmoa dute, eta irakurraldietan ahalik eta lagun eta erakunde gehienek parte har dezaten nahi dute. Urriaren 2an izan zen lehenengo irakurraldia Iruñeko Kondestablearen jauregian, “Heptamerona” obraren lehen liburukia jendaurrean aurkeztu zutenean.

Egun osoa iraun zuen lehenengo irakurraldi hark, eta Xabier Artola eta Fito Rodriguez egon ziren irakurle. Haiekin batera, dozenaka lagun, anonimoak nahiz kulturako eta beste esparru batzuetako eragile ezagunak.

Irakurraldian parte hartu zuten lagunetako bat, Josu Jimenez Maia Nafar Ateneoko Euskara saileko eledun ohia, kexu ageri da Nafarroako Gobernuaren jarrera dela-eta: «Badut, maluruski, arantza bat bihotzean, bertan ez baitzen egon Nafarroako Gobernuko ordezkaririk; izan ere, Nafarroako Gobernuak, gezurra dirudien arren, ez du lagundu Nafarroako Margarita erreginaren liburua euskaratzeko proiektuan, ez diruz, ez parte hartuz, inori baino lehenago jakinarazi zitzaion arren Booktegiren eta Nafar Ateneoaren egitasmoa. Bulego batetik bestera ibili da gure erregina eta erantzunik ez du oraindik jaso».