INFO

Rikardo Arregi sarirako zortzi finalistak ezagutarazi dituzte, tartean Beñat Zaldua dela

Aurtengo Rikardo Arregi sarietarako zortzi finalistak jakitera eman dituzte gaur ostegunean. Kazetaritza sailean (Komunikazioa da bestea) GARA-NAIZeko Beñat Zaldua ageri da, ‘Nola iritsi gara honaino’ lan bitxi eta mamitsuagatik.

Beñat Zalduaren lana, NAIZen ere argitaratua.

Kazetaritza zein Komunikazio sailetan aurtengo Rikardo Arregi sarietarako finalistak ezagutzera eraman dituzte gaur ostegunean. Bi irabazle izango dira beraz.

Hautagaien artean, kazetaritza sailean, Beñat Zaldua GARA-NAIZeko kazetaria agertzen da, ‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu seriearen egile. Koronabirusaren krisia klima aldaketarekin eta beste zenbait gertaerarekin lotzen zituen Zalduak, haren zergatietan sakonduz. Zortzi artikuluz osatua zegoen lana eta urte hasieran argitaratu zen. Hemen irakurgai kontakizun borobila irekitzen zuen zortzi artikuluetatik lehena.

Berarekin batera hautagaiak dira ‘Berria’ egunkarian argitaratutako ‘Ahomentan’ elkarrizketa seriea eta Urtzi Urrutikoetxeak idazten duen ‘Leku-lekutan’ atala, eta Euskadi Irratian Zaballako espetxetik egindako ‘Faktoria’ saioa.

Komunikazio sarian beste lau hautagai izendatu ditu epaimahaiak: Oier Aranzabalen ‘Barruan gaude’ podcast-a, ‘Basilika’ podcast-a, 3000twitz kolektiboa eta Pantailak Euskaraz egitasmoa.

Irabazleak nortzuk diren azaroaren 19an 19.00etan, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo den ekitaldian jakinaraziko dute. Atal bakoitzeko garaileak 9.000 euro eskuratuko ditu.

Aurtengo ekitaldian Martin Ugalde gogoan izango dute, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Bere lana aitortu eta eskertzeko baliatuko dute sari banaketa.

Sariketarako finalistak izendatzeaz arduratu den epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Itxaro Borda idazlea, Aingeru Epaltza idazlea, Maite Goñi eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUEZIko irakasle eta komunikazioan adituak, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea. Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi ardunaduna den Alexander Huitzi izan da, eta Arantza Aguado Udaleko euskara teknikaria, berriz, idazkaria.