INFO

Ezkurdiak irabazi du brontzezko domina, Peio Etxeberriaren aurka sakearekin asmatuz (22-16)

Arbizuarrak 11-0eko partzial batekin, eta guztira zazpi tanto sakez eginda, apurtu du kaxkar hasi duen partida. Garaipen garrantzitsua da honakoa, Altunak edo Lasok datorren asteko finala jokatu ezinda badaude, berak jokatuko bailuke.

Joseba Ezkurdiak sakearekin asko asmatu du Peio Etxeberriaren kontrako partidan. (Jon URBE/FOKU)

Pilota txapelketetan dominik ez da banatzen, baina esan genezake larunbat honetan Lau eta Erdiko txapelketako brontzezkoa kolkoratu duela Joseba Ezkurdiak, Peio Etxeberriari 22-16 irabazi ostean. Ez da arbizuarraren partidarik onena izan, ezta gutxiagorako ere, baina sake zitalekin egindako zazpi tantoek eta 11-0 partzial batek (8-10etik 19-10era) bizia eman diote nafarrari markagailuari buelta eman eta gaur aurkari baina oso lagun ona duen pilotariaren aurka garaipena eskuratzeko.

Ez hori bakarrik. Iruñeko Labriten irabazita, esperantzarako ate txiki bat ere ireki zaio nafarrari. Izan ere, datorren igandean Bilbon jokatu beharreko finalean, Jokin Altunak edo Unai Lasok ezingo balute jokatu –finala ezin da atzeratu–, Ezkurdiak jokatuko luke txapela irabazteko neurketa hori beste finalistaren kontra. Gainera, gaur irabazi ostean, datorren urteko Lau eta Erdiko txapelketan, aurten txapeldun ateratzen denak finalean bakarrik izango luke aurkari –multzo fasean ez lituzkete indarrak neurtuko–.

Baina etorkizun hori oso urruti dago oraindik. Gaur, Ezkurdiak asko sufritu behar izan du partidaren lehen zatian. Deseroso eta partidatik kanpo nabaritzen zitzaion Aspeko aurrelariari. Lehen tantoan Peio Etxeberriak sakez egindako faltak ere ez du arbizuarra esnatu.

Egoera hau oso ondo aprobetxatu du Zenotzeko pilotariak. 2-2ko lehen berdinketaren ostean, gaur urdinez aritutakoak 0-4ko partzial bat lortu du. Horietako tanto bat aipatzearren, hori 2-3koa da. Estetikoki tanto zoragarria lortu du Peiok, ezkerrez dejada txokoan egin du, begirada zabalerantz zuela. Bestalde, 2-6koan, Ezkurdiak hotz hastearen emaitza ikusi da: airez txokoan utzi nahi izan du pilota, baina baztertu egin zaio eta beldurrarekin joan da, huts eginez.

Hurrengo tantoan Peiok huts egin du eta, munduko beste ezer egin gabe, Ezkurdia 8-6raino joan da markagailuan. 8-8ko berdinketa ere eman da partidan, Zenotzeko pilotaria 8-10 aurreratu aurretik. Eta hor iritsi da partidako unerik garrantzitsuena. Arbizuarrak asko asmatu du sakearekin eta 11-0eko partzial bat bereganatu du –tartean lau tanto sakez eginda–, 19-10eraino aldentzeko.

Peio Etxeberriak bere pilotarekin bi tanto egin ditu ondoren, baina Ezkurdiak berriro hartu du agintea 21-12koa egiteko. Bazirudien arbizuarrak azkar amaituko zuela partida, baina sakez falta egin eta Zenotzeko pilotariak –tanto batzuk lehenago desesperatuta ikusten zitzaion– markagailua txukundu ahal izan du. Txapara bidali duen pilota behin betiko 22-16koa ipini du.

PARTIDAKO FITXA:

Ezkurdia: 22

Peio Etxeberria: 16

Pilotakadak: 250. Partidaren iraupena: 46 minutu eta 19 segundo. Markagailua: 2-0, 2-6, 8-6, 8-10, 19-10, 19-12, 21-12, 21-16 eta 22-16. Sakez: 7 Ezkurdiak (eta falta bat) eta 5 Peio Etxeberriak (eta falta bat). Jokoan egindakak: 7 Ezkurdiak eta 6 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 7 Peio Etxeberriak. Gertaerak: Giro bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan. Beñat Rezusta izan da Ezkurdiaren botileroa eta Paco Caballero Peio Etxeberriarena. Lehen sakea, urdin.