Milaka pertsona batu dira euskal eskola publikoaren aldeko manifestazioan, Bilbon
Hezkuntza komunitateko milaka pertsona elkartu dira Hezkuntzako Ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, Euskal Eskola Publikoaz Harro (EEPH) plataformak deitutako manifestazioan, euskal eskola publikoaren alde.
Hezkuntza komunitateko milaka pertsona mobilizatu dira larunbat honetan Bilbon, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Ordezkaritzatik hasi eta Kale Nagusia punta batetik bestera zeharkatuz «euskal eskola publikoaz harro» daudela esateko eta eskola publikoari haien babesa helarazteko.
Manifestazioan parte hartu duten irakasle, ume, guraso eta hezitzaileek eskakizun zehatzak izan dituzte. Lehenik eta behin, «eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa» izan behar duela aldarrikatu dute. Ildo beretik «eskola bakarra» exigitu dute, hau da, sare publikoa sare bakarra izan dadila.
Izan ere, egungo eredu dualak, publikoa eta pribatu-itundua uztartzen dituenak, «bi mailako ikasleak» sortzen dituela salatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, eta horri hezkuntzak ezin duela «merkatuaren menpe» egon erantsi dio. Horretaz gain, eskola pribatuei segregazioa eta gizarte haustura bultzatzen dutela leporatu die. Manifestazioa deitu zuenean gogoratu zuenez, EAEko ikasleen %49,44 eredu pribatuan dago matrikulatuta eta EAE Europako eskualde segregatzaileenetako bat da familien arraza eta errenta baxuei dagokienean batik bat.
Arriaga Antzokiaren aurrean egin den amaiera ekitaldian hartu dute mikrofonoa Atxuriko eskola publikoko gurasoek eta EEPHko bozeramailea den Maribel Lopez de Luzuriagak eta, bertan, plaza eta Areatzako zubia manifestariz lepo zirelarik, Lakuako Gobernuari diru publikoaren kudeaketa hobea egin dezala eskatu diote.
«Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia da. Ekimen pribatu guztiak diru publikoarekin sostengatzen dituen politikekin bukatu behar da. Jaiotze tasa behera doan une honetan, Administrazioari diru publikoaren erabilera bidezkoagoa eta efizienteagoa eskatzen diogu», exigitu du Lopez de Luzuriagak.
Horretarako, EAEn hezkuntza akordio berri bat egin nahi den une honetan, Urkulluren Gobernuak «ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua» sortu behar duela aldarrikatu dute. Horretaz gain, eskola publikoak «gabeziak» dituela eta horiek konpontzeko «plaza publikoak» eta eskola publikoa hazteko «politikak» behar direla nabarmendu du Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko (EHIGE) koordinatzailea den Lurdes Imazek.
Gainera, euskarazko murgiltze eredu orokortua behar dela eta «euskalduntzen ez duten» eta «integrazioaren kontra jotzen duten hizkuntza ereduak» dituzten ikastetxeak diru publikoarekin ez finantzatzeko eskatu dute. Era berean, manifestazioan zehar ‘erlijioa, eskolatik at’ bezalako leloak erabili dituzte.
EEPH plataforma mobilizazioaren sustatzaile nagusia izan bada ere, hainbat eragilek egin dute bat eskola publikoa defendatzeko aldarriarekin: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Zabaleko bizirik Amurrioko, Donostialdeko, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskola, EHIGE, EHIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, LAB, ELA, Steilas, CCOO, ESK eta CNTk, besteak beste.
Haurrek ere, aldarrikapenak argi
Amaiera ekitaldian, manifestua irakurri aurretik, deigarria izan da bertaratuentzat, batez ere haurrentzat, prestatutako pailazo ikuskizuna. Horrela, Arriagako plazan ehunka ume eseri dira eszenatokiari begira, gainerako manifestariak iritsi bitartean pailazo ikuskizunaz gozatzeko.
Ikuskizuna, zeinu inteprete eta guzti izan duena, umeei moldatutako manifestuaren laburpen bat izan da eta, horrela, sinpletasuna eta komedia uztartuz, eskola publikoaz harro egoteko arrazoiak azaldu dizkiete etxeko txikiei.
Gero, aldarrikapenak zehazten zituen agiria irakurri dute, eta horren ostean EEPHren kanta ofiziala dantzatuz amaitu dute hitzordua gerturatutako guztiek.