INFO

Marcelinok mezuan aldaketak egin arren, gabeziek antzekoak izaten jarraitzen dute

Entrenatzaile asturiarrak barkamena eskatu zien zaleei Cadizen kontrako porrotaren ostean. Talde zuri-gorriak partidak irabazteko dituen zailtasunak eta ezintasunak agerian geratu ziren berriro San Mamesen.

Marcelino Cadizen kontrako partidan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Athleticek denboraldi honetako partidarik txarrena jokatu zuen Cadizen aurka. Lehen minutuetatik nabaritu zen taldea ez zegoela batere fin. Bi jaurtiketaren ostean, hirugarrenean garaipenaren gola egin zuten oso gaizki defendatutako jokaldi batean. Seigarren minutua besterik ez zen bete eta hainbestetan goraipatutako sendotasunaren arrastorik ez.

Yerayk eta Unai Nuñezek gidatutako atzeko lerroak ez zuen derrigorrezkoa den lasaitasuna eta konfiantza lortzeko astirik izan. Balenziagak ere asko sufritu zuen eta ez zen ausartu ere egin gora igotzen. Taldekide guztiei puntu bat falta zitzaiela ematen zuen eta markagailua kontra jarri zenean urduritasuna nagusitu zen baloia mugitzerako orduan.

Iñigo Martinezen hutsunea asko igarri zen eta baita ere Unai Vencedor azken orduan hamaikakotik kanpo geratu izana. Dani Garciak eta Vesgak ezin izan zuten gehiegi lagundu eta Cadiz oso erraz gailendu zen lehen zatian.

Sanceten aldeko apustuak ere ez zuen funtzionatu. Muniainekin batera taldea aurrera eramaten saiatu ziren, baina ezintasunak gainditu zituen. Iñaki Williamsek eta Berenguerrek apenas parte hartu zuten eta ukitutako baloi gehienak galdu egin zituzten. Lekue izan zen maila eman zuen bakarrenetakoa.

Bigarren zatian taldeak pausu bat eman nahi izan zuen. Sancet zelai erdira jaitsi zen eta Raul Garciak, Nico Williamsek eta Nico Serranok beste zerbait erakutsi zuten. Hala ere, gutxiegi gol bat egiteko.

Ligako bigarren istripua izan zen etxean, Iraolaren Rayoren aurka luzapenean galdu ostean. Taldearen itxura ordea, askoz makalagoa izan zen. Partida amaieran egindako adierazpenetan Marcelinok barkamena eskatu zien zaleei. Hitzetatik ekintzetara igaro behar dutela azpimarratu eta egoera iraultzeko lanean buru belarri jarriko direla ziurtatu zuen. Horregatik, hurrengo eguneko entrenamendua goizeko 10.00etara aurreratu zuen.

Entrenatzaile asturiarra kexu agertu zen taldeak emandako mailarekin. San Mames gotorleku bat bilakatzeko ezin dituztela horrelako partidak galdu esan zuen. Taldea bolada onean zetorrela eta dena alde zutela aipatu zuen eta ezin dela horrelako partidetan hutsik egin sailkapenaren goikaldean egoteko.

Oso bestelakoak izan ziren aurreko denboraldian jasotako porrotaren ostean Garitanok egindako adierazpenak. Cadizek bederatzi jokalarirekin amaitu arren, talde zuri-gorriarentzat ezineskoa izan zen gol bat egitea. Athleticentzat Lehen Mailan partidak irabaztea oso zaila zela argudiatu zuen Deriokoak. Esaldi horrek hautsak harrotu zituen eta hilabete batzuk beranduago burutu zen entrenatzaile aldaketa egiteko erabili zen argudioetako bat bilakatu zen.

Marcelinoren mezua guztiz ezberdina izan arren, Athleticek ez du oraindik lortu eskatzen zaion jauzia egitea. Berdintasun handia dago Ligan eta Europako postuak hiru puntu baino gutxiago ditu txapelketaren herena jokatu denean. Denboraldi amaierara horrela iritsi ezkero helburua gauzatzeko zorian egon daiteke.

Hala ere, zalantza ugari uxatu behar dituzte zuri-gorriek. Atzealdean lan ona egitearekin batera golak lortzerakoan hobetzea ekidiezina da. Lehen hamar sailkatuen artean, gol gutxien eskuratu dituen taldea da. Hamaika bakarrik egin dituzte hamabi jardunalditan.

Horrekin batera, partida gehiago irabaztea da erronka. Izan ere, jokatutako norgehiagoken erdiak berdindu egin dituzte. Athleticek talde lehiakorra dela erakutsi du azken urteetan. Kanporaketetan zaila da gainditzea, baina garaipenak lortzea ere asko kostatzen zaio. Batez ere, baloia ematen dioten taldeen kontra. Cadizek egin zuen bezala.

Aste honetan atsedena izango dute eta hurrengo jardunaldian Levanteri egingo diote bisita azaroaren 19an, ostirala. Entrenatzailea aldatu arren, oraindik ez dute partidarik irabazi Liga honetan. Athleticek hil zorian dauden taldeak berpizteko dohaia erakutsi du sarritan. Ohartarazita daude Cadizen kontra gertatutakoaz.

Bilbao Athletic jaitsiera postuetan

Asteburuko emaitzak ez dira batere onak izan Athleticen. Emakumezkoen taldeak ere galdu egin zuen Levanteren kontra (2-3) eta Bilbao Athletic jaitsiera postuetan geratu da. Lehoikumeek bana berdindu zuten Rayo Majadahondaren kontra Lezaman. Nico Serranok lehen zatian gol bikain bat egin zuen, baina bigarrenaren hasieran berdinketa iritsi zen.

Imanol de la Sotak zuzentzen duen bigarren taldeari asko kostatzen ari zaio Espainiako Federazioak sortutako Lehen Maila berriari egokitzea. Deportivo edo Racing bezalako aurkari gogorrak daude eta Bilbao Athleticeko jokalari gazteak bidesaria ordaintzen ari dira. Erdiko hiru atzelarirekin aritu izan dira hainbat partidetan. Lesioek ere ez diote batere lagundu, Ewan Urain aurrelaria esaterako jokatu barik dabil azken jardunaldietan.

Goraka doana Patxi Salinasen Basconia da. Gaizki hasi ziren lehen partidetan, baina azken hilabetean puntu andana lortu dituzte eta igoera kanporaketak jokatzeko aukera ematen duten postuetan daude Hirugarren mailan. 3-1 irabazi zuten Lagun Onak taldearen kontra eta Ibai Sanz erdiko aurrelariak bi gol egin zituen. Alex Padilla atezaina ere hamaikakoan izan zen. Nico Serranorekin batera 19 urtez azpiko espainiako selekzioarekin aritzeko deitu dute. 21 urtez azpikoekin Nico Williams, Agirrezabala, Vencedor eta Sancet izango dira datozen egunetan eta Unai Simon eta Iñigo Martinez talde nagusiarekin.