INFO

Euskal selekzioaren gabonetako partida San Mamesen berreskuratzeko asmoa

Data zehatza eta aurkariaren izena oraindik lotu gabe daude, baina komunikabideetan zabaldutako informazioaren arabera gizonezkoen euskal selekzioaren adiskidantzazko partida bat antolatzen saiatzen ari da federazioa. 2016an jokatu zuten San Mamesen gabonetan azken aldiz.

Euskal selekzioko jokalariak Costa Ricaren kontra egindako goletako bat ospatzen. (Raul BOGAJO / FOKU)

Euskal selekzioak gabon hauetan jokatzeko aukera aztertzen ari da federazioa. Aurkari indartsu bat bilatzen ari omen dira, baina arazoak dituzte data konkretu bat aurkitzeko. Abendu bukaeran ez da Liga partidarik jokatuko Lehen Mailan. 2021ko azken jardunaldia abenduaren 18 eta 19ko asteburuan jokatu beharko litzateke.

Hala ere, Athleticek Real Madrilen kontrako norgehiagoka bat atzeratuta dauka eta badirudi abenduaren 22an jokatuko dela. Azken berrien arabera, San Mamesen jokatuko litzateke eta ez Bernabeun, nahiz eta egutegian horrela jarrita egon. Erabaki hau ez da oraindik ofiziala.

Baieztatuko balitz, Euskadiko Futbol Federazioaren hasierako planteamendua bertan behera geratuko litzateke. Euskal selekzioak abenduaren 21ean Chileren kontra jokatzeko asmoa zuela argitaratu baitu gaur ‘Deia’ egunkariak.

Bigarren aukera abenduaren 27an Nigeriaren aurka jokatzea izango litzateke. Kasu honetan euskal taldeek jokalariak uzteko arazoak izan ditzakete. Izan ere, urtarrilaren lehen asteburuan Liga partidak egongo baitira. Euskal selekzioaren deialdietan beti errepikatzen den kontua da. EITBk gaineratu duenez eguerdiko albistegian, emakumezkoen selekzioak ere jokatzea aztertzen ari dira.

Hautatzaile berria ere aurkeztu beharko du selekzioak, Clemente Libiara joan baitzen udan. Joseba Etxeberriaren eta Manix Mandiolaren izenak aipatu dira komunikabideetan, baina ez dago ezer baieztaturik. Joan den astean Euskadiko Futbol Federazioak ezagutzera eman zuenez, Mikel de Gregorio futbolari ohia izango da kirol zuzendaria. Bigarren B eta Hirugarren mailako hainbat taldetan aritutakoa da eta Getxoko taldean ari zen lanean.

Arrakasta, desadostasunak eta gainbehera

Gizonezkoen euskal selekzioak bost urte daramatza San Mamesen jokatu barik. 1994tik 2007rarte urtero antolatu ziren festa eta aldarrikapena uztartzen zituen gabonetako adiskidantzazko partidak. Ekimenak sekulako arrakasta izan zuen urte horietan zaleen artean, baina desadostasunak agertzen joan ziren jokalariek ofizialtasuna lortzeko pausu gehiago eman beharra zegoela eskatzen hasi zirenean.

2010ean berriro hasi ziren San Mamesen gabonetako partidak antolatzen, baina zaleen artean indarra galtzen joan zen ez baitzen hitzetatik ekintzetara pasatzen. 2016an jokatutako azken partidan 15.000 lagun baino gutxiago elkartu ziren Tunez gainditzen ikusteko (3-1).

Urrats berriak eman beharra zegoela ondorioztatu zuen Euskadiko Futbol Federazioak eta horrela adostu zen UEFAn eta FIFAn onartuak izateko eskaria bideratzea. Aldi berean, 2018an Mendizorrotzan jokatu zuten Venezuelaren aurka (4-2) eta Panamara egin zuten bidaia 2019an (0-0). Azken partida Ipuruan jokatu zuten Costa Ricaren aurka. 2 eta 1 irabazi zuen euskal selekzioak, baina pandemiaren ondorioz ez zen publikorik izan harmailetan.

2020ko azaroan izan zen norgehiagoka. Hilabete bat beranduago UEFAn eta FIFAn sartzeko eskaria egin zuen federazioak. Udan ezezko erabakia hartu dutela bi erakundeek jakin zen. Hala ere, Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasunaren afera kongresu batean aztertzea eskatu du.