Asier Villalibre, lesioak albo batera utzi eta golak etorriko direla sinetsita
Denboraldiaren lehen txanpa hau zaila izaten ari da Gernikako aurrelariarentzat. Marcelinok aulkian utzi du partida gehienetan eta hamaikakoan sartu zen bakarrean lesionaturik amaitu zuen. Gola egiteko aukerak izan dituenean ere ez du baloia sarera bidaltzea lortu.
Azken denboraldietan argi geratu da, sailkapenaren goikaldean kokatzeko eta Europako postuetako lehian egoteko, Athleticek pausu bat eman beharra daukala erasoko jokoan. 11 gol bakarrik lortu dituzte zuri-gorriek jokatu diren 12 jardunaldietan eta lehen hamar sailkatuen artean gol gutxien egin dituen taldea da. Getafek eta Alavesek bakarrik egin dituzte gol gutxiago Lehen Mailan.
Iñaki Williamsek hiru gol egin ditu eta bi lortu dituzte Muniainek, Raul Garciak eta Iñigo Martinezek. Vivianek burukada batekin falta batean eta Rayoko jokalari batek bere atean sartuta heldu dira beste golak.
Aurreko denboraldian golegile nagusia izan zen Berenguerrek ez du baloirik sarera bidaltzea lortu ezta Asier Villalibrek ere. Gertu egon zen Atleticoren eta Celtaren kontrako azken minutuetan, baina ez zuen asmatu. Defentsarekin gertatzen den bezala, erasoko jokoa eta golak egitea talde osoaren lana dela azpimarratu du aurrelariak gaur Lezaman egindako agerraldian. Sancet, Nico Williams eta Morcilloren laguntza ere beharrezkoa izango da taldeak pausu bat gorantza emateko.
Gernikako ‘bufaloak’ ez du batere zorterik izan denboraldi hasiera honetan. Sei partidetan parte hartu du, baina bakar batetan sartu da hamaikakoan. Rayoren kontrako partidan izan zen. Marcelinok aldaketa ugari egin zituen, taldeak asko nabaritu zuen eta galdu egin zuten luzapenean.
Villalibre gainera lesionatu egin zen. Pare bat partidu galdu zituen eta Villarrealen kontra azken minutuak jokatu ostean berriro min hartu zuen.
Klubak zabaldutako mediku txostenaren arabera, taldekideekin batera ari da lanean dagoeneko eta gainontzeko lesionatuak ere bide onetik doaz. Yuri aste hontan baloia ukitzn hasi da eta Nolaskoainen itzulera luzerako doa. Vivianen inguruan berriz, giharretako lesio bat dauka eskumako hankan.
Aurrelari bizkaitarrak azaldu du lesioa gainditzeko zorian dagoela eta gogotsu berriro jokatzeko. Cadizen kontrako porrota mingarria izan zela aitortu du eta hurrengo helburua Levanteren zelaian irabaztea dela. Ez dio garrantzirik eman nahi izan taldearen gol faltari eta etorriko direla uste du. Horretarako lan egiten dutela egunero entrenamenduetan nabarmendu du pare bat aldiz komunikabideen aurrean.
Aurrealdean aritzen diren beste jokalariekin -Williams, Raul Garcia eta Sancet- ondo konpontzen dela zelaian adierazi du eta lan eginez minutu gehiago izango dituela sinetsita dago. Gola daramala zainetan erakutsi du bere ibilbidean eta konfiantza ematen diotenean bere maila erakusten du. Iaz 6 gol egin zituen -4 ligan, bat Kopan eta beste bat Superkopako finalean-. Aurreko denboraldian berriz, 5 gol lortu zituen -3 ligan eta 2 Kopan-. Bilbao Athleticekin 23 gol egindakoa da 2018-19 denboraldian, errematatzaile aparta dela erakutsiz. Athleticek lehen taldean daukan erdiko aurrelari bakarra da.
Villalibre bezalako tipo gehiago behar ditu Athleticek eta futbol munduak. Jatorra, umila eta jendearekin hurbilekoa, pixkat lotsatia den arren. Eguneroko jarrera aparta erakusten du, barrutik ateratzen zaiolako. Udako oporretan umeekin kalean futbolean jolasten ikusi izan zaio sare sozialetan. Baita ere Basurto taldeko gazteen entrenamendu batean atezainarena egiten. Elektrotxaranga batekin ere tronpeta jotzen herriz herri dabil azken boladan. Azken honen inguruan galdetuta, beste batzuk zinera edo garagardo bat hartzera joaten diren bezala bera lagunekin joaten dela jotzera azaldu du. Garrantzia kenduz. Hala ere, xelebrea da futbolaria izateko eta horrek egiten du berezi.
Superkopa irabazi osteko ospakizunetan taldekideekin tronpeta jotzen utzitako irudiek Athleticen ikur bilakatu zuten. Klubak galtzerdi batzuk egin ditu une gogoangarri horren omenaldi bezala.
Orsai taldea ‘Thinking Letrak eta Futbola’ jaialdian
Astearte iluntzean eman zitzaion hasiera iganderarte luzatuko den ‘Thinking Letrak eta Futbola’ jaialdiari. Athleticen Fundazioak antolatzen du eta AEBtako emakumeen selekzioko jokalariek soldatetan berdintasuna lortzeko eramandako borrokari buruzko dokumentalarekin abiatu zen atzo jaialdia. Athleticen emakumezkoen taldeko hainbat kide izan ziren ekitaldian eta baita ere gizonezkoen taldeko jokalari, entrenatzaile eta arduradunak. Valverde, Susaeta, Beñat edo Tiko bezalako jokalari ohiak ere izan ziren bertan.
Filma amaitzerakoan iritsi zen ezustekoa. ‘One club men’ kantuaren doinuak entzun eta Orsai taldeko kideak agertu ziren taula gainean. Athleticeko hainbat jokalarik osatzen dute taldea. Dani Garcia da bateria jolea, Iñigo Lekue baxuarekin aritzen da eta Vesga eta De Marcos gitarrarekin. Lehenago aipatu bezala, Villalibre tronpetarekin moldatzen da eta ahots nagusiarekin ere. Balenziaga aldiz, teklatua jotzen izan zen atzokoan.
Joan den astean Lekueri galdetu zioten ea Fitok San Mamesen ekainean eman behar duen kontzertuan jotzera animatuko ziren, musikariaren azken bideoklipean parte hartu baitute. Deustuarrak oraindik ez daudela prest esan zuen, baina ez zen harritzekoa izango. Villalibreri ere galdetu diote honen inguruan Lezaman eta hurrengo partidan pentsatzen ari direla esatera mugatu da.
‘Thinking Letrak eta Futbola’ festibalak gaur iluntzean jarraituko du. Juan Villoro idazle mexikarra eta Marc Beltran Panenka aldizkariko kazetaria izango dira. Juan Pablo Sorin futbolari ohi argentinarrak streaming bidez parte hartzen saiatuko da. Azken orduko arazo batengatik ezin izango baitu Bilbon egon. Athleticen youtube kanalean ikusi ahal izango da. Ostegunean berriz, euskararen erabilpenaren inguruan mintzatuko dira. Iribar, Ainhoa Tirapu eta Balenziaga izango dira Patxi Gaztelumendi kazetariarekin batera.